Surflari ernegatua

Koldarrentzako kanta

Hemen naiz berriz ere hilabete baten ostean, aspaldiko esamesekin. Orain dela hilabete bateko kontuak dira, Donostiako Kursaal jauregian egin zen ekitaldian Arnaldo Otegiri galdera bat egiteko aukera eskaini zidaten eta halaxe egin nuen. Bainulariak eta surflariak daramatzan auto bat nola gidatzen den galdegiten nion, eta besteak beste eztabaida oro azkena balitz bezala hartzen dugula erantzun zidan. Egia da, nik ere eztabaidetan bizia jokoan dudala pentsatzeko joera baitut eta agian kontrako zentzuan esfortzu bat egin beharko nuke, baina ezin dut.

Egun bat beranduago hasi ziren “bainulariak” GARAk euskaldunon hizkuntz eskubideak urratzen dituela eta antzekoak esaten. Gauza bat da GARA erosten ez duten horiek euskararen presentzia handiagotu beharko genukeela proposatzea, eta oso bestelakoa euskararen etsaiak eta espainolak garela esatea. Hilabete bat pasa da eta oraindik ez naiz lasaitu. Oraindik ernegatuta nago, hain zuzen ere ziria begian sartu nahian dabiltzan horiek aspalditik ezagutzen ditudalako. Nire herrikoak zuzenean, eta besteak zeharka. Burdin hotsak indarrean zirenean haien buruak zuritzeko gaiztoak nortzuk ginen seinalatzen ibili ziren bertsolariak, euskara aldarte hartuta haien bizimodua ateratzeko naturala behar lukeena bizimodu bilakatu duten funtzionarioak, politikaz paso egiten dutela eta haiek soilik euskaltzaleak direla dioten sistemaren morroiak, eta abar. Guztiek dute izendatzaile komun bat, guztiak oiloak baino koldarragoak dira.

Edozein euskal hiritarrek daki euskaldunok egunero “galtzak jaistera” behartuta gaudela. Euskaraz ez dakien medikua, administrazioko funtzionarioa, igogailuan topatzen dugun auzokidea, edo dena delakoa, kontua da sarri tripako mina egiten badigu ere gazteleraz aritzera behartuta gaudela, eta, makurtzen ez dela dioena, gezurretan ari da. Bigarren mailako hiritarrak garen heinean konfrontazioa ekidinezina da, beraz, euskaltzale amorratu hauek besteekiko duten eskaera maila haiekiko aplikatuko balute honezkero epaitegiko ilaran ikusiko genuen elkar, baina ez da horrela.

Bategatik edo besteagatik “bake epaitegia” deitzen dioten horretan atzera eta aurrera bueltaka gabiltzanok beti berberak gara. Beti betikoak nortasun agiria hortzetan mostradorean topo egiten dugunak, lapur txikiak, drogazaleak eta gure jenio txarra kudeatzeko gai ez garen inuzenteak. Hor, inoiz ez dut topo egin ez euskaltzale batekin, ezta muturreko ezkertiar puru horietako batekin ere.

Beraz, abisu bat urririk zirikatzen eta min egiten jarraitu nahi duten muturreko euskaltzale horientzat, zuen esanetan espainola omen naiz, beraz, gazteleraz zuzenduko natzaizue, bai baitakit ulertuko didazuela, zuetako gehienak euskaldun berriak direla ere ohartu bainaiz. Eskorbutoko lagunen abestia eskaintzen dizuet, maitasun osoz: «Gentes ignorantes que antes nos tenían miedo, cogen confianzas que nunca les dimos, cobardes, que van de valientes, hablando de nosotros mal ante la gente. Créeis que todo tiene un limite así estáis todos limitados. Cuidado, os avisamos somos los mismos que cuando empezamos».