Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Athleticek lehen aldaketa egin du

Athleticek beti izan du klub eredugarriaren xarma hori, bizkaitarrontzat ez ezik, beste hainbat eta hainbat tokitako futbolzaleentzat ere: jokalari atzerritarrik ez duelako, harrobiari garrantzi eta maitasun berezia eskaintzen diolako, jarraitzaile fidelak eta kartsuak dituelako, beti berarekin, goian ala behean egon. Eredugarriaren sonari, zuri-gorriaren harrotasun hautsezin horri, Coemanek bere garaian baloiari eman ohi zizkion ostikada indartsuen parekoa eman zion Athleticek joan den astean, golaren zoriona barik zaleon lotsa eta sumina eraginda.

Zaleona diot, bai. Josu Urrutia klubeko presidenteak eztabaida desbideratzeko ahalegina egin bazuen ere, haserre esanez ordezkari publikoek gabarrarena, gabarra ezarena, hauteskundeak gertu daudelako baliatu dutela berdintasunaz kezkatuta agertzeko, alegia, kanpaina egiteko, ez du lortu batik bat zaleon artean –imajinatu emakumezko jokalarien euren artean– sentimendu desatsegina desegitea: gure taldean, matxismoa eta gizonkeria dira nagusi, eta, sexu biologikoaren arabera, prestigioak eta sariak bereizten dituzte. Politikarien hipokrisia gorabehera, iraingarria izan da Athleticek berak, inolako pisuzko arrazoi barik, nesken taldearen ikaragarrizko lorpenari era horretan ukatu izana merezi zuen ospakizuna, eta jarraitzaile gehienon nahiari, mutilez bezain harro neskez, muzin egin izana. Are gehiago, oraingoan, futbola piperrik axola ez zaienak ere zutiarazi ditu, ez baita kirol horri lotutako afera tekniko soila, baizik eta boikot hutsa jendartea jokaleku duen benetako berdintasun osoaren aldeko borrokari.

Halere, klubaren lotsagabekeria nabarmen horrek aukera paregabea eragin du, behintzat, nesken kirolari buruzkoak mahai gainean jartzeko, ezagutzera emateko zein baldintzatan egiten duten lan, nola bizi duten futbolari jarduna, zerk bultzatzen dituen jarraitzera… hots, oro har emakumezko kirolariei, kirolariak direlako, normalean merezi beharko luketen arreta jartzeko, beraiez eta beraien garaipenez hitz egiteko. Esparru horretan berdintasunaren normalizaziorako bidean, Athleticek, tamalez, urrezko aukera galdu du hori guztia duintzeko, ekintza desiratu eta umil batekin horretan ere eredu izateko.

Hala, Athleticek bere lehen aldaketa egin du: berarenganako mirespen arrakalarik gabearen ordez, ezinegona eta konfiantza eza jarri ditu jokoan.

Harrokeriaz, gainera.