Nerea GOTI

TUTORETZAPEKO ETXE BATEN ESKAERAREN IRUDIA, MARKINA-XEMEINEN

Markina-Xemeinen argazki bat egin zuten atzo Bizkaiko Diputazioari eskaera bat luzatzeko: aniztasun funtzionala duten pertsonen tutoretzapeko etxebizitzen banaketa eremu bakoitzean dauden beharrizanen arabera egitea eta ez biztanle kopuruari begira.

Azken sei hilabeteotan Markina-Xemeinen Leike izeneko bizitza-proiektu bat praktikan jarri eta ezagutarazi dute eskaera bat azaleratzeko: Lea-Artibain aniztasun funtzionala duten lagunen beharrei erantzuteko tutoretzapeko etxe baten beharra.

Markina-Xemeingo herritar batek aurkitu zuen egoeratik sortu zen egitasmoa. «Modu autonomo batean bizi ahal izateko», Bilbo inguruko tutoretzapeko pisu baten itxaron zerrendan eman behar izan zuen izena, eskualdean honelako zerbitzurik ez dagoelako. Arazoa da, bizitza autonomoa izateko, familia, lagunak eta gizarteratuta zegoen ingurua atzean utzi behar zuela herriarekin batera, eta inguru ezezagun batean zerotik hasi. Leike egitasmoa bultzatzen dutenek ulertu zuten egoera hau «ez dela normala, zeozerk ez du funtzionatzen».

Egoeratik hausnarketara: «Aniztasun funtzionala daukaten pertsonen eskubideak urratzen direla iruditzen zaigu, integrazioaren izenean, beraien herriak atzean utzi eta eremu arrotz eta pertsona ezezagunekin, bizi berri bat hastera behartzen ditugunean».

Boluntarioak, familiak, udala...

Aniztasun funtzionala duten lagunen bizi kalitatearekin eskualdean dagoen sentsibilizazioa ez da berria. Azaltzen dutenez, duela urte batzuk, familiak biltzen dituen Izarbidean elkartea sortu eta beharrizan bi planteatu zituzten: egun martxan dagoen eguneko zentroa (Gorabideren ardurapean) eta aisialdirako talde bat sortzea. Azken honek ere zortzi urte daramatza lanean «integrazioa eta ongizatea» bultzatzen.

Ikusi dute orain behar berezietako herritarrek ere «emantzipatzeko eta kalitatezko bizitza edukitzeko eskubidea» daukatela [Aniztasun Funtzionala daukaten lagunen eskubideen nazioarteko hitzarmenaren 19. artikulua zehazten dute] baina Bizkaiko Diputazioaren egungo eskaintzarekin ezin dutela «beren sorburuan bizitzen jarraitu».

Gauzak horrela, herri ekimen bat jarri dute martxan Markina-Xemeinen, eta Udalaren laguntza izan dute. Herriak larrialdietarako dituen hiru etxeetako bat egitasmoaren esku jarri du, eta hiru erabiltzailek tutoretzapeko etxe baten proiektu pilotuan hartu dute parte, Izarbidean elkarteko boluntario, herriko aisialdi taldeko begirale eta aniztasun funtzionalari buruzko ikasketak dituzten lagunekin.

Gaur arte Leike egitasmoaren etxean hiru lagun bizi izan dira hamar boluntarioren laguntzarekin. Esperientziaren balorazioa «oso positiboa da», Estebe Gandiagaren esanetan. Leikerekin ikusi da herrian dagoen «babesa», eta familien kasuan, «oso interesantea» izan da ikustea landu den bizimodua, errutinak, etxe baten egunerokoan egin beharrekoen antolakuntza eta batez ere «demostratu delako posible dela era duin eta autonomo batean bizitzeko planteamendu bat lortzea herri txiki batean».

Nabarmentzekoa da hamar lagun boluntario modura aritu direla Leike Etxean, hiru txandatan igandetik ostiral eguerdira arte. Asteburuak familiarekin pasatzen zituzten. Eguneroko plana, edozein etxetakoa, baina laguntza pitin batekin, garbiketa, bazkariak.. prestatzeko, lan egin, arrasti partean jarduera ezberdinak eta 20.00etan Leikera buelta, begiraleekin afariak prestatu...

Erabiltzaileentzat «oso gustura» bizi izan duten esperientzia izan da. «Azken batean etxe bat izatea zure eremu bat izatea da, eta aurrera segitzeko gogoak dauzkate», dio Gandiagak, eta gaineratzen du ezin dugula ahaztu gizabanako orok dituen eskubide eta beharrizan berberak dituztela erabiltzaile hauek, «euren herrian eta modu autonomoan bizitzeko eskubidea barne».

Bizkaiko Diputazioak dauka orain hitza. Atzo Markina-Xemeinen bildutakoek mezu argi bat bidali zioten: tutoretzapeko etxebizitzen banaketa biztanle kopuruaren arabera egin beharrean, eremu bakoitzean dauden beharrizanak kontuan hartzea «banaketa bidezkoago» bat egiteko. Gogorarazi zutenez, 2008/12 legeak zerbitzu sozialen hurbiltasuna nabarmentzen du bere 8. artikuluan.