GARA
MUTRIKU

Mutrikuko olatuen energia instalazioak 1,3 GWh sortu du

Olatuen indarrari esker energia lortu eta zuzenean banaketa sare orokorrera bidaltzen du. Duela bost urte sortu zuten planta berritzaile hau eta orain elektrizitatea sortzeaz gain, turbinen arloko teknologia berriekin probak egiteko ere erabiltzen ari dira.

Mutrikuko olatuen energia instalazioak bosgarren urteurrena egin du abian jarri zenetik, eta marka berria ezarri du energia elektrikoaren ekoizpenean, banaketa sare orokorrera bideratutakoa 1,3 GWh (1.300.000 kWh) baino gehiago izan baita. Itsas energia berriztagarrien arloko mugarri hori ez ezik, nabarmentzekoa da Mutrikuko azpiegitura probak egiteko erabiltzen ari direla, turbinen diseinu berriak probatzen ari baitira bertan.

Itsas instalazioa, funtsean, elektrizitatea sortzeko fabrika komertzial bat da, olatuek duten energiaren aprobetxamenduan oinarritzen dena. Mutrikuko plantan lortutako elektrizitate hori banaketa sare orokorrera bideratu da zuzenean, zenbait lekutan aprobetxatzeko, hala nola etxebizitzetan eta industrietan.

Helduak diren beste teknologia batzuekin alderatuta (eolikoa, ziklo konbinatuak), itsas ekoizpen hori txikia bada ere, orain arte ez da lortu halako elektrizitate kantitaterik olatuen bidezko elektrizitatea sortzen duten beste instalazioetan. Elektrizitatea ekoizteaz gain, beste zeregin nabarmen bat ere badu: saiakuntza azpiegitura moduan erabiltzea, turbinen eta kontrol sistemen arloko teknologia berriak probatzeari begira. Uda honetan, Oceantec enpresa saiakuntzak edo probak egiten ari da Mutrikuko instalazioetan, OWC teknologia erabiltzen duen turbina berriarekin.

Gaian interesa duenak planta bisitatu dezake, bisita gidatuak egiten dituztelako. Urtean 1.500 pertsona baino gehiago gerturatzen dira aitzindari izan den itsas instalazio berritzailea ezagutzera.