GARA
DONOSTIA

Kristinaenea parketik Loiolako kuarteletara martxa, hilaren 28an

Datorren ostegunean, hilaren 28an, Donostiako Loiola auzoko kuartel militarretara martxa herritarra antolatu dute ezkerreko alderdi, sindikatu eta eragileek. Bertan gogoratu eta omenduko dute duela 80 urte indar ezkertiarrek hartu zutela eraikina. Martxa 18.00etan abiatuko da, Kristinaenea parketik.

«Duela 80 urte barrikadak eta tiroak izan ziren Amaran eta bereziki Urbieta kalean, altxamendu faxistari aurre egin baitzioten donostiarrek eta bertako ezkerreko eragileek», ekarri zuten gogora, eta erantsi «herritar askoren odolaz eta geroko errepresio basatiaz ordaindu» zela ekimen hura.

«Herritar horiek, ideologia ezberdinetakoak izanik, indarrak batu zituzten elkarrekin faxismoari eta autoritarismo militaristari aurre egiteko. Askatasuna defendatu zuten». Gertakari haiek Loiolako kuartelen errendizioarekin amaitu ziren, eta horixe omendu nahi dute.

Gaur egun Europan faxismoa eta autoritarismoa berriro indartzen ari direla salatu zuten prentsaurrekoan.