Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Transmititzen

Ahozkotasuna bidegurutzea da, non adierazpide ezberdinak elkartzen diren. Hitz neurtuan edo librean; kantuan edo ahoz goran, esatearen arte guztiak hartzen ditu bere baitan. Kontalariak edo bertsolariak, bakoitzak bere arauetan, aurrean duen publikoarekin komunikazio unea zabalduko du bizitzaren gaineko hamaika ertz konpartitzeko. Hitzaren doinuek, keinuek, begiradek, isiluneek, modu jasoan esanez, entzulearen irudimena akuilatuko dute, irudimen zaharrei berriak gehituz eta elkarrenganako joan-etorri aberasgarria osatuz.

Donostian igaro diren “Europa bat-batean” jardunaldiek munduko kultura ezberdinetako kantu inprobisatu adierazpenak ekarri dizkigute. Teoriatik praktikara bide ederrak ibili ziren, ustez hain aldenduak zeuden kulturak leku berera bilduz. Eta guztietan, euren jardunaren oinarrietako bat zen sortzailea eta jendearekin harremana, elkar elikatze horrek ematen zion zentzua inprobisatzen jarraitzeari, ezagutza hori transmititzen jarraitzeari. Bizirauten duen jendartearekin lotura galduz gero hilzorian sartuko da, zentzua galduko baitu. Gurean bertsoak hartu duen dimentsioa hartu badu hori zaintzen jakin izan duelako da. Kontagintzak, erro herritar beretik etorrita, ahozkotasunaren tradizio bertsutik helduta, zergatik ez du lortu kultura herrikoi horretan errotzea? Zergatik mendez mende kultura batek sortu duen prosazko ahozkotasunak galdu ditu bere sustraiak? Kontalariak nondik datorren ez badaki, zer utziko dio geroari? Zer transmitituko du?