GARA
URRUÑA

«2017a, bihar da» lelopean iraganen dira aurtengo Inxausetako topaketak, Bunuzen

Badira 40 urte Bunuzen Inxausetako topaketak antolatzen direla, eta bere historiari ohore egiteko aurten ere gizartean puri-purian diren gaiak jorratuko dituzte mundu politiko, akademiko eta ekonomikoko pertsona ezagunen laguntzarekin. Etxebizitzari, lanari eta ekologiari buruz gogoetatuko dute abuztuaren 26tik 28ra.

Estatu frantseseko presidentetzarako hauteskundeak hurbiltzen ari diren honetan, parte-hartzaileen artean politikariak nabarmentzen dira: Gobernu frantseseko Emmanuelle Cosse Etxebizitza ministroa eta Jean-Marie Le Guen estatu idazkaria. Presidente izateko hautagaitzarako bidea egiten ari diren Gerard Filoche sozialista eta Nouvelle Donne alderdiko Pierre Larrou Turou ere izango dira.

Cosse hilaren 26an etxebizitzari buruzko eztabaidan parte hartuko du, eta Le Guen biharamun eguerdian izanen den lanari buruzkoan. Era berean, bertan izanen dira Euskal Herritik Angel Toña, Lakuako Enplegu eta Gizarte Politiketako kontseilaria, Mathieu Berge Akitania Berriko kontseilaria eta Caroline Phillips, Garapen Kontseiluko presidentea.

Esperantza

Arteak ere bere tokia du. Aurten “Esperantza, zuhaitzen itzalpea gustuko duen itsasontzia” ikuskizuna eskainiko dute frantsesez eta euskaraz. Hori ahalbidetzeko diru bilketa egiten ari dira Kisskissbankbank.com webgunearen bidez, hilaren 28ra arte.