Arantxa MANTEROLA
DONAPALEU

Didier Agerre presoa kaleratzea eskatu dute Donapaleuko kaleetan

Preso hartu zutenetik hamabost urte betetzen diren honetan, Zuek Etxean Nahiz Didier Agerreren sustengu taldeak bere elkartasuna adierazi nahi izan dio oztibartarrari. Hala, atzo goizean manifestazioa egin zuten Donapaleun “Aski da! Atera dezagun” lemapean. Ondoren, herri-bazkaria eta kantaldia ere egin zituzten.

Ez da, ordea, ekimen bakarra izango. Izan ere, Agerreren egoeraz eta gainerako euskal presoenaz gizartea sentsibilizatze aldera, urriaren 1ean, 20.30tik goiti, hainbat kontzertu antolatu dira Oztibarreko gaztetxean.

Bertako gazteek, urriko azken ostiraleko mobilizazioen karietara, animazioak antolatuko dituzte Larzabaleko biribilgunean egingo den elkarretaratzean.

Azaroaren 10erako, berriz, sustengu taldea mintzaldi-gaualdi bat prestatzen ari da. Bertan hiru gai jorratuko dituzte: elkartasuna, kondena luzeak eta presoak egungo testuinguru politikoan. Halaber, abenduaren 30ean Lannemezaneko espetxera martxa egingo dute. Agerre 39 urtera kondenatu zuten orotara, horietatik 25 segurtasun zigor modura. Ezin izango du, hortaz, baldintzapeko askatasun eskaerarik egin urte horiek bete arte.

Zuek Etxean Nahiz elkarteak jakinarazi duenez, euskal presoa «buru-belarri dabil ikasketak egiten». Hain zuzen, berriki Eusko Ikaskuntzak ikerkuntzarako laguntza eskaini dio, laborantzako ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko erosketa eta salmenta zuzena ahalbidetzen duten AMAP egiturei buruz egin duen master batengatik.