Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Debekaturik

Liburu debekatuen astea ospatu dute AEBetan. 1982an lehen aldiz antolatu zuten liburuzain baten ekimenez, eta ordutik irakurtzeko askatasuna aldarrikatzeko parada eskaintzen du Estatubatuar Liburutegien Elkartearen eta Amnesty Internationalen babesa duen ekimenak iraileko azken astean. Inoiz debekatuak izan diren liburuen irakurketa publikoek zein horien gaineko hitzaldiek osatu ohi dute egitaraua, baina azken urteetan bestelako proposamenei ere egin diete tokia, zentsuraren kontrako espirituari eutsita. Aurten lehen aldiz Britainia Handiko liburutegi nazionalak eta Londreseko bi kultur erakundek ospakizunekin bat egin dute, herrialdean bertan debekurik jaso duten liburuak ardatz hartuta. Kultur aniztasuna, erlijioa, arraza/etnia, etorkinak, emakumeak, generoa, sexualitatea, sexu orientazioa eta gisako gaiak jorratzen dituzten liburuek dute debekatuak izateko aukera gehien, batez ere haur eta gazte literatura arloan.

Liburu erreketak antigoaleko kontua direla uste dute askok edo, behintzat, Mendebaldearen arazoa ez direla jadanik. Intolerantzia ez baita, jakina, gure gizarte “zibilizatuen” gaitza. Erreketarik, hitza zentzu hertsian hartuta, ez da gertatzen gurean, baina horrek ez du esan nahi zentsuratik salbu gaudenik. Zer nolako gaiak eta zein ikuspuntutik jorratuak diren ikustea besterik ez dago. Zentsura, maiz, ez da liburua argitaratu ostean gertatzen, aurretik baizik, gai jakin baten gaineko liburuaren aukera eragotziz.