GARA
ZARAUTZ

Udaberrian galdeketa egingo dute Zarautzen

Xabier Euzkitze kazetariak eta Araitz Urtiaga eskubaloi jokalariak Zarahitz aurkeztu zuten atzo Zarautzen. Azaldu zuten bezala, herri ekimen honen helburua zarauztarrei hitza ematea da, «herri honen estatus politikoaren baitako galdera zehatza eginez», 2017ko udaberrian.

«Herri galdeketara heltzeko, lan asko dago egiteko. Sinadurak bildu behar dira, herritarrak sentsibilizatu, olatua sortu, ekitaldiak antolatu, dirua bildu, galdera adostu, eguna zehaztu, parte-hartzea bermatu, begiraleak ekarri, eta abar. Ez da nolanahiko erronka. Baina herritarrei hitza ematea denez demokraziaren oinarria, zarauztarrei galdera zehatza egiteko konpromisoa hartzen dugu gaur. Zarauztarra baldin bazara, hemendik aurrera, zure hitza izango da gure erabakia. Zu zara hitza, eta hitz horrek udaberrian hautetsontzietan isla izan dezan, hurrengo hilabeteotan lanean ariko gara», nabarmendu zuten prentsaurreko batean.