Idoia ERASO
BAIONA

Euskal kultura eta historia omenduko dituzte arraun eginez

Ternua, Saint-Pierre eta Mikelune proiektuaren baitan, 400 kilometroko bidaia egingo dute 21 euskal arraunlarik traineruan, uztailaren 25etik abuztuaren 15era. Euskal kultura eta arbaso arrantzaleak omenduko dituzte, Indianoak Ibaialde elkarteak antolatu ekimenarekin.

«Balentria fisiko bat da, non kultura, hizkuntza, historia... gogoratu eta omendu nahi den» adierazi zuen Stephan Paoli kazetari frantses eta ekimeneko laguntzaileak. Saint-Pierre eta Mikelunen urtero ospatzen den Euskal Festaren inguruan sortu da proiektua.

Ipar Euskal Herriko Indianoak Ibaialde elkarteko Michel Lastiri eta Kanadako lurralde horietako Euskal Pilota Ligako presidente Leo Haranek elkarrekin sortu zuten egitasmoa. Azken honek baieztatu zuenez, «proiektua euskal kultura gure lurraldean ez desagertzeko egina da». Bi lurraldeen arteko harremanak eta ezagutza sakontzea da helburua, traineruan eginiko abenturaren bitartez.

Biztanleen %60k euskal abizenak dituen Ipar Amerikako eremu horretan historia omenduz geroari ekarpena egin nahi diote. Horretarako, 400 kilometroko ibilbidea egingo dute traineru batean, Ternuatik Mikelunera eta handik gero Saint-Pierrera. Itsas ibilbidearen hautaketa euskal arrantzaleak omentzeko helburuarekin egin da, lurralde horietan ibili baitziren, baita bertako biztanle bilakatu ere.

Proiektua Lapurditik abiatu baldin bada ere, euskal kostalde osoa hartu nahi izan dute kontuan. Horiek horrela, parte hartzaileetako 10 Ipar Euskal Herrikoak izango dira, arraunlariak eta Paola Charron patroia; baina beraiekin lau getxoztar eta beste hainbeste zarauztar ere izango dira. Abentura gauzatuko den tokikoak ere gonbidatu dituzte; bi Ternuatik, eta beste bi Montrealetik joango dira.

Lurralde horretan euskaldunak, normandiarrak eta bretoiak nagusi izanik, herri bakoitzeko babesle bat izendatu dute. Amaiur Alfaro itsas gizona da euskal herritarra, eta abenturak beste eremuei egiten dien ekarpena nabarmendu zuen: «Zaila da, baina ez da eginezina, eta desafioak behar ditugu gure kultura eta hizkuntzari buruz ari garelarik ere».

Hirugarren desafioa

2017an egingo den desafio berri honen aurretik beste bi egin ziren Indianoak elkartearen eskutik; 2003an eta 2013an izan ziren, Quebeceko lurraldeetan barna. Aurrekoetan egurrezko traineruak erabili zituzten, baina oraingoan erretxinaz egina izanen da 12 metroko ontzia. Prest da jadanik Angelun, eta martxo aldean Ternuara bidaliko dute.

Saint-Pierre eta Mikelune euskal diasporaren gune garrantzitsua dira, eta ekonomikoki egoera zailean dagoen lurraldea. 400 urtez arrantza ekonomiaren oinarri izan duen lurraldea izanik 1992an Kanadak ezarritako luzamenduak lanik gabe utzi zuen jendearen gehiengoa. Geroztik hein handi batean diru-laguntzei esker bizi direla erran zuten. Hori dela-eta nekazaritza, turismo eta gastronomiaren bitartez elkarlana sustatzea ere badute helburuen artean. Bestalde, Euskal Herriko eta eremu horretako sei eskolaren arteko proiektuak ere gauzatu dituzte.