Ariane KAMIO
DONOSTIA

Joan aurreko kantua

Hemezortzi urteko ibilbidea laburbiltzen duen liburua kaleratu du Bide Ertzean taldeak, eta, horrekin batera, urteetan pilatutako materialarekin, 14 kantuko diskoa. Ganbaran gordetakoak txukundu eta gero, etenaldi mugagabearen atarian dira. Aurretik, azken emanaldiak eskainiko dituzte abenduan hainbat hiriburutan.

Estudioko zortzi disko eta zuzeneko bat. Hemezortzi urteko ibilian Bide Ertzean taldeak utzitako ondarearen zerrenda azkarra, baina ez bakarra. Literaturarekiko harremana, poparen interpretazioa eta nortasun propioa utzi ditu bidean, alez ale, talde tolosarrak. Gehiago ere bai, “Bakarrik nago neguan” ikuskizuna edo Joxan Artzeren omenez egindako “Nola belztu behar zuria”.

Bereizgarritasunari zabaldutako leihoa izan da Bide Ertzean 1998tik, zigilu propioko taldea. Orain –«arrazoi pertsonalak tarteko», Imanol Ubedaren hitzetan– etenaldi mugagabea abiatzear dira. Agur itxura har badezake ere, ez dute itzulerako bidea itxi, baina joan aurretik azken kanturik badu taldeak.

Jon Eskisabelek “Zutaz kantatzeko” liburu monografikoa idatzi du, taldearen 18 urteko ibilbidea aintzat hartuta. Hasierak, testuingurua, garapen musikala eta xehetasun ugari bildu ditu idazle eta kazetariak hainbat elkarrizketa egin ondoren.

Euskal Herrian urria da euskal taldeei buruzko liburuak idazteko ohitura, are euskaraz egiten bada eta are jardunean dagoen talde baten bueltan osatuko bada. Bide Ertzeanek ere ez ditu talde bat liburu batera eramateko bilatu ohi diren baldintzak betetzen; hots, nazioarteko birak edo merkatuan milioika disko saldu izana. Baina Deabruak Teilatuetan haren ondoren sortutako proiektu berriak unibertso propioa sortu du eta testuinguru horretan egin du bere lana Eskisabelek. «Talde berezi bat da; ez rara avis bat, baina bai ale bakar bat», nabarmendu zuen.

Poparen estereotipoarekin hautsi zuten; «pop musika eginez memoria historikoa ezin zela abestu zirudien», ezinezkoa zela ere popa poesiarekin uztartzea. Baina hori izan da, hain zuzen, bidean ondutako zigilua. «Garaikide izateko eta mezu batzuk zabaltzeko irrika izan duen taldea da. Ez da soilik mugatu abesti ederrak egitera», gaineratu zuen.

«Euskal taldeen artean oso ohikoak ez ziren balio batzuk transmititzen saiatu dira; afektibitatea, hauskortasuna, kezka... Munduan kokatzeko modu bat eta horrek eman dio izaera berezia taldeari», esan zuen.

Taldearen sorrera jaso eta garapenaren testuingurua biltzen da liburuan. Ordena kronologikoari jarraituz, “Dena lanbrotuta ikusten dut” ikuskizunetik hasi eta gaurdaino. Bidean elkarrizketak egin ditu taldekideekin eta taldearen bueltan ibili den jendearekin. Disko bakoitzeko sorreraren gaineko kronika bat ere egin du. Hitzaurrea Gorka Urbizurena da –Imanol Ubedarekin, Peiremans taldearen sortzailea– eta idazle batzuek prentsan idatzitako artikuluak ere gehitu dizkio –Itxaro Borda, Castillo Suarez, Jon Benito, Gotzon Barandiaran eta Igor Estankona–.

Hamalau kantutan

Liburuarekin batera proiektua hamalau kantuko diskoak osatzen du. Ez da estudioko lan berri bat, baizik bidean bildutako materialaren bilduma. «Lehen diskotik konstante bat izan da estudiora eramandako kantu guztiak diskoetan ez sartzea», argitu zuen Ubedak. «Ganbaran gorde izan dugu hori guztia eta duela pare bat urte ganbara txukuntzea erabaki genuen». Konpilazio bat da, beraz, bertsio, maketa, zuzeneko eta remixekin. «18 urteko bidea jasotzen du diskoak, baina ez da erakusgarri. Ezin da taldearen erradiografia egin berarekin, horretarako dago diskografia. B aldeko kantuak direla esan daiteke».

Etenaldi mugagabearen atarian da orain Bide Ertzean; «ezin dugu entsegu eta grabazioen erritmoan jarraitu». Horren aurretik, baina, bira labur bat egingo du abenduan hainbat lekutan. Hilaren 6an Durangoko Azokaren baitan Plateruenan izango dira; abenduaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute zuzenekoa; 18an Donostiako Antzoki Zaharrean; eta, azkenik, 29an, Iruñeko Civivox Iturraman.