M.D.
IRUÑEA

Epaileek euskara eta ingelesa desberdin tratatzen dituztela adierazi du Barkosek

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez ditu irizpide berberak erabiltzen LEPetan euskara eta ingelesa baloratzean. Hori nabarmendu zuen atzo Nafarroako Legebiltzarrean Uxue Barkos lehendakariak, Hezkuntza arloko LEPeko 100 lanpostu indargabetzen duen helegiteari buruz ari zela.

Barkosek gogorarazi zuen 2011n aurkeztu zen LEPean ingelesa gehiegi baloratzen zelakoan Steilas sindikatuak helegitea aurkeztu zuela. Orduan Nafarroako Auzitegi Gorenak ez zuen helegite hori onartu.

Oraingoan, berriz, euskararen kontra egin du Afapna sindikatuak, lanpostu gehiegi eskaintzen direlakoan. Eta, duela bost urte ez bezala, Auzitegi Nagusiak helegite hori onartu eta 100 lanpostu indargabetu ditu; hala, irakasleen artean ezinegona sortu da.

Barkosek azpimarratu zuenez, egungo Nafarroako Gobernuak UPNren garaikoak egiten zuen gauza bera egin du LEPa aurkeztean. Hori dela eta, sinesgaitzat jo zuen orduan epaileek arazorik ez ikustea eta orain, ordea, bai.

Gauzak horrela, egindakoa ongi zegoela adierazi zuen Nafarroako lehendakariak eta jai zubia igaro ondoren, Gobernuak Auzitegi Goren espainolean helegitea aurkeztuko duela baieztatu zuen.

Nafarroako Hezkuntza arloan gehiengoa osatzen duten LAB, Steilas eta ELA sindikatuek ere helegitea aurkeztuko dutela iragarri dute.

Maria Chivitek, Barkosen agerraldia eskatu zuenak (PSN), egoera honen arrazoi nagusia Nafarroako Gobernuak Administrazioaren euskalduntzea indartu nahi duela dela adierazi zuen.

Ildo beretik segitu zuen UPNko eledun Javier Esparzak, Nafarroa euskalduntzeko asmoa obsesiotzat jota. Bide batez, Nafarroako Gobernuari jendartearen aurrean entzungor egitea leporatu zion.

Bestalde, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute bihar, 13.30ean, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, epaileek indargabetu dituzten 100 lanpostuak defendatzeko eta Hezkuntzaren judizializazioa salatzeko.