GARA
MADRIL

Sindikatuek «PPren aurkako batasun soziala» eskatu diote ezkerrari Madrilen

PPren Gobernuaren aurka azkenaldian espainiar Estatuan izan den manifestazio handienean, CCOO eta UGT sindikatuk bi mezu zabaldu zituzten atzo. Batetik, parlamentuan gehiengoa duten ezkerreko alderdiei «batasuna» eskatu zieten, eta, bestetik, Gobernuari, «sakon eta edukiekin» negoziatzeko, bestela kaleak hartuko dituztela aurreratuz.

Atzo Madrilen, azken urteotan PPren Gobernuaren aurka izan den manifestazio sindikal handienean, deialdi zehatza egin zitzaion Estatuko ezkerrari. Hain zuzen, eskubideak berreskuratu eta PPren politikak deseraikitzeko «batasun soziala» aldarrikatu zuten, PSOE, Ezker Batua, Podemos, Compromis eta Mareako buruak bertan zirela.

Iturri ezberdinen arabera, UGT eta CCOO sindikatuek deituriko elkarretaratzean 30.000 pertsona bildu ziren. Besteak beste, kalitatezko enpleguak, pentsio duinak, soldaten igoera garbia, pobreziaren aurkako neurriak, fiskalitate berri bat eta lan erreformaren derogazioa eskatu zuten, horretarako Madrilgo Parlamentuan ezkerrak duen gehiengoa baliatzeko deia eginez. Areago, CEOE patronala bi sindikatuekin negoziazio berri batean murgilduta den honetan, elkarrizketok «elkar ikusi eta agurtzeko» baino zerbait gehiagorako balio behar dutela salatu zuten.

“Pertsonak eta eskubideak aurrena. Defentsa itzazu!” pankarta eraman zutenen artean izan zirren Pepe Alvarez eta Ignacio Fernandez Toxo, UGT eta CCOO sindikatuetako buruak hurrenez hurren. Bada, PPko Gobernuak orain artean bezala euren aldarrikapenei entzungor egiten badie, mobilizazioak deituko dituztela argi utzi zuten.

«2017an, kale gehiago»

Zorrotz eta argiki esan zuten heldu den urtean «kale gehiago» egongo dela, presioa areagotuko dutela, Patronalarekin eta Gobernuarekin dituzten negoziazioek «zehatzak eta gauzagarriak diren fruituak eman arte». Eta Parlamentuan ezkerrak duen gehiengoa presio hori artikulatzeko ezinbesteko osagaia dela gaineratu zuten.

Atzoko manifestazioarekin, UGT eta CCOO sindikatuek Estatuko 60 puntutan egindako kanpainari amaiera eman zioten. Zehazki, Mariano Rajoyrekin lehen bilera izan eta hurrengo egunean deitutako kanpaina izan zen, «orain artean ez bezala» Gobernuarekin elkarrizketa «sakona» izan behar dutela exijitzeko, «edukiekin» eta «ez ariketa estetiko huts» bezala.

Pentsioak erregulatzen dituen Toledoko Hitzarmenaz ere aritu ziren, martxan diren negoziazioek ezin dituztela murrizketak ekarri gaineratuz. Gai horretaz bihar bertan izango dute hitz egiteko aukera, Patronalarekin eta Fatima Bañez Lan ministroarekin biltzekoak dira-eta.