Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Nazioaren gaineko gogoeta-haziak

Historian zehar zein aho ezberdinetan, adiera ezberdinak izan dituen hitza da «nazioa». Euskal Herrian, nazioa arrazak sostengatzen zuela esatetik euskararik gabe ez zegoela naziorik esatera pasatu ziren hainbat pertsona XX. mendean, tartean Joxe Azurmendi. Egun, hizkuntza zutoin izango ez lukeen independentismoaren planteamendu berriak entzuten diren honetan, eztabaidarako oinarriak paratu ditu zegamarrak, «Hizkuntza, nazioa, estatua» saiakeran.

Orain dela bi urte, UEUk eta Jakinek gonbidatuta “Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian” jardunaldiko irekiera hitzaldia eman zuen Joxe Azurmendik. Bera zati den belaunaldiak nazioaren ideiaren gainean egindako gogoetak bildu zituen hitzaldi hartan eta bertatik ernatu da Elkar-ekin argitaratu berri duen “Hizkuntza, nazioa, estatua” saiakera, hausnarketak eman baino, hausnarketetarako bidea ireki nahiko lukeen argitalpena.

Saiakeraren nondik norakoak ulertzeko, bizpahiru urte atzera egin eta abertzaletasunik gabeko independentismoaz hitz egiten hasi zeneko unea hartu zuen abiapuntu Azurmendik atzo, Donostian egindako aurkezpenean. Plazara atera zen planteamenduaren arabera, euskara eta abertzaletasuna independentismoarekin lotzea «arriskutsua» izan zitekeen, horrek estatu berri bat eraikitzea oztopa zezakeelako. «Euskarak estatua egiten ote zuen zalantzan jartzen zen; euskaldunak desagertu eta diskurtso unibertsalagoa erabili behar zela planteatzen hasi zen», azaldu zuen.

Planteamendu berri hori buruan zuela idatzi zuen Azurmendik jardunaldirako sarrera hitzaldia eta, Lorea Agirre “Jakin”-eko zuzendariak eskatu bezala, bere belaunaldian egindako hausnarketa izan zuen abiapuntu, «ulertzen baitzen hori zetorrela guk egindako hausnarketaren kritika edo ondorio bezala». «Gure belaunaldia gerraondoko lehentzat hartzen da», zehaztu zuen, eta egin zituzten gogoetetan bi fase bereizten ditu: lehenean, eztabaida nagusia ea euskarak nazioa egiten ote zuen izan zen. «Nazioa egiten duena beti ez da arraza, odola, folklorea, foruak... gure kasuan, hizkuntza da nazio egiten gaituena». Bigarren fase batean, nazioaren ideia XIX. mendekoa dela baieztatzen zen. «Nazionalismo horrek eraiki ditu gaur Europan dauden fronterak eta estatu-nazioak», nabarmendu zuen eta, zentzu horretan, euskal independentismoa «nazionalismoaren gaindipen bat» da, bere iritziz, «nahi duena delako europar estruktura berri bat eraiki».

Euskal Herria, nazio hautsia

Azurmendiren iritziz, euskarak egiten du nazioa eta bere tesia defendatzeko Greziaren adibidea aztertu du, «atenastarrek hizkuntza galdu baitzuten eta grezieraz egiten zutelako bilakatu ziren greko», esan zuen. Tesi horren aurrean, ordea, Euskal Herrian «arazo bat» dagoela zehaztu zuen, «gehiengoak ez duelako euskaraz egiten. Gaur Euskal Herria ez da nazio bat zentzu klasikoan; izan zen, puskatu zen eta orain puskatuta dago», nabarmendu zuen, eta nazio izaera berreskuratzeko «euskara indarberritzeaz» gainera independentziara jotzea ere «ezinbestekoa» dela defendatu zuen. «Independentzia da ez dependentzia, eta alde horretatik separatismoa da, estatuaren formetatik askatzea. Baina horrek ez du zertan esan nahi ez dugula estatuarekin harremanik nahi; nahi dugu, baina nahi duguna da harremana, ez inposizioa», argitu zuen.

Hala ere, onartu zuen berak ez dakiela «zer izan daitekeen abertzaletasunik gabeko independentismoa». Pirinioetako lurraldeak batuta osatuko litzatekeen balizko estatua jarri zuen adibide, eta Euskal Herriaren kasuan «independentismo horretatik abertzaletasunean eroriko ginateke a priori», esan zuen, eta «abertzaletasuna ez litzateke zentzuzkoa euskara kontuan hartu gabe».

Egun egiten diren euskal estatuaren gaineko gogoetek «gauza berriak» dakartzatela uste du Azurmendik, baina, aldi berean, bere belaunaldian egindako gogoetak frankismoaren eraginez belaunaldi berrietara iristeko zailtasunak izan dituela uste du. Zentzu horretan, bere asmoa eurek egindako gogoeta horiek plazara ekartzea da, atzetik datozenek hausnarketaren bideari jarrai diezaioten. «Hau ez du espiritu santuak idatzi eta, beraz, probisionala da», amaitu zuen.