GARA
BILBO

Euskal Herriari buruzko lehen 3Dko filma aurkitu dute Parisen

EHUko ikertzaile talde batek aurkitu du Parisen «Euskadi», Louis Lumierek asmatutako «cinema en rélief» teknika erabilita egin zen film bakarrenetakoa. Pelikula Rene Le Hennaff-ek zuzendu zuen 1936. urtean eta, Euskal Herrian inoiz estreinatu ez zenez, Loraldia jaialdiak zinta alokatu eta Euskal Herriko hainbat herritan emango da. Bilboko jaialdian hilaren 15ean proiektatuko dute, eta aurretik Iruñeko Ikuspuntu jaialdian izango da, hilaren 11n.

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Loraldia jaialdiak Euskal Herriari buruz egin zen lehen 3D filmaren aurkikuntza aurkeztu zuten atzo Bilbon: “Euskadi”. Rene Le Hennaff-ek zuzendu zuen 1936an, zinematografoaren asmatzaile Louis Lumierek sortu zuen cinema en rélief teknika erabilita eta, aurkezpenean nabarmendu zutenez, “Euskadi” ez da soilik Euskal Herriari buruzko lehenengo 3Dko filma, baizik eta garai hartan teknika hori erabiliz egindako bakarretakoa. «Lumiereren azken asmakizunak ez zuen arrakastarik lortu eta berehala baztertu zen. Behin telezineatuta, doikuntza txiki batzuk eginda, garai hartan ikusten zuten bezala ikus dezakegu orain, 3 dimentsiotan, betaurreko anaglifoen laguntzaz. Horixe baitzen Louis Lumiereren erliebeko zinemaren sistemaren oinarria», azaldu zuten.

Josu Martinez EHUko ikertzaileak zehaztu zuenez, filmak bat egiten du atzerriko hainbat dokumentalek erakutsi izan duten euskaldunen imajinario erromantikoarekin, baina bestelako irudiak ere ematen ditu, adibidez hirietakoak edo turismoari lotutakoak. Martinezen esanetan, dantzen gaineko irudiek «balio handia» dute, bereziki Donibane Garazin filmatutako kabalkadakoek. «Txukun-txukun errealizatutako filma da, teknikoki oso ongi pentsatua, erliebeari ahalik eta zuku gehien ateratzeko», esan zuen.

Martinezen iritziz, film honen aurkikuntzak tendentzia bat baieztatzen du: «Zinemagile atzerritar handiek Ipar Euskal Herria hautatu zuten asmakizun berriaren potentzialitatea erakusteko. Lumiere anaiak ere, zinema asmatu eta gutxira, Biarritzera etorri ziren itsasoaren mugimendua filmatzera eta hala sortu zen ‘Les rochers de la vierge’ (1896). Hainbat urte beranduago, zinema soinuduna asmatzean, ‘Au pays des Basques’ (Maurice Champreux, 1930), estudioetatik kanpo Frantzian ekoitzitako lehen film soinuduna izan zen».

“Euskadi” 1937ko apirilean estreinatu zen, Pariseko Olympia teatro famatuan. Zinema munduko hainbat pertsona ezagun izan ziren estreinaldian, horien artean Lumiere bera, eta kritika onak izan zituen. Baina filma oso gutxi zabaldu zen, areto gutxik baitzuten erliebeko zinema proiektatzeko makineria.

Martinez izan zen filmaren bila hasi zena, hainbat erreferentziatatik abiatuta: «Hiru edo lau historiagilek paragrafo pare bat dedikatzen zioten, baina informazioa nahasia zen. Batzuetan, 1933an Teodoro Hernandorenak zuzendutako ‘Euzkadi’ dokumental abertzalearekin nahasten zen, beste batzuetan esaten zen Eusko Jaurlaritzak produzitu zuela.... Azkenean, Jose Mari Unsain historialariak eman zidan pista ona». Martinezek Pariseko Pathe Gaumont ekoiztetxearen inbentarioetan topatu zuen erreferentzia, baina pelikula originala, nitratozko kopia, Frantziako Zinematografia Zentro Nazionalean gordetzen zuten. «Asko kostatu zitzaidan konbentzitzea filma ikusten uzteko, izan ere, horretarako digitalizatu beharra zuten. Azkenean lortu nuen, eta harribitxi baten aurrean geundela ohartu nintzen».