Maitane ALDANONDO
Elosu

EGUZKI LOREA ETA BERE ONURAK DENON ESKURA JARRI DITU MAGHÚK

Eguzki loreekiko zaletasunak bultzatuta, Gorbeia mendian hauek haztea erabaki zuen Marga Pesosek. Lehen uzta iaz jaso zuen eta aurten loreak salgai jarriko ditu. Etxean eduki nahi dutenei aukera emateaz gain, hainbat produktu sortu dituzte landarea baliatuta.

Eguzki lorea landare mitologikoa da, laminetatik eta sorginetatik etxeak babesteko erabiltzen zena. Lorea bera da egun babestua. Naturan basati ateratzen da, baina hartzea debekatua dago. Hauen zalea da Marga Pesos arrasatearra eta berari esker askok etxean eduki dezakete. Izan ere, Gorbeia mendian eguzki lore sail bat baitu eta landareaz gain, harekin egindako produktuak ere saltzen ditu Maghú Eguzkilore izenpean. Ezin aproposagoa da deitura, «magia» esan nahi baitu persieraz eta «nik ahal dut» adiera ere badu, Pesosen ustez «ekintzaile batek une oro buruan eduki behar duen ideia».

Legutioko (Araba) Elosu herribatzarrera bizitzera joan ziren Pesos eta senarra duela hamabi urte. Etxe ondoko lursailean egunen batean zerbait egitea buruan izan zuten ordutik, baina 2014ko iraila arte ez zuten erabakirik hartu. Haurrak zaintzeko hartu zuen eszedentzia amaitzear zela, hausnartzen hasi ziren. «Etxean eguzki lorea eduki nahi genuen, baina babestutako landarea denez, ez genuen lortzen. Gu bezala jende gehiago egongo zela pentsatu genuen eta landatzea bururatu zitzaigun. Horrela sortu zen ideia».

Ekintzailetza ez zaie arrotza, gertutik ezagutu baitute beste proiektu batzuekin. Beti izan dute nahia eta kooperatiba txiki bat eratu zuten. Ordu askoko lana bada ere, «gustura eta ilusioz» aritzen dela dio Pesosek. «Ordulariari erreparatu gabe» behar adina jarduten da, baina kosta egiten zaio burokraziari lotutakoa, «erraztu beharrean, zaildu egiten dute dena. Denbora hori ez da hain atsegina». Oztopo horiez gain, autonomoek dituzten abantaila eskasak eta aholkularitza falta ere aipatu ditu. Alde ona diru laguntzak dira, nahiz eta eskakizun asko izan. «Horiek egiteko beste batzuk egiteari utzi behar diozu eta batzuetan pentsatzen duzu merezi ote duen ahaleginak, bereziki, lagun gutxi zaretenean». Bera arduratzen da negozioaz, eta senarrak lanak uzten dion denboran laguntzen dio.

Jarduera berean ari denik ez dute ezagutzen, beraz, laguntzarik ez dute. Eginaren eginez, akatsetatik ikasi eta emaitza ona ematen duenari eusten diote. «Oso polita izaten ari da, proiektu oso berritzailea baita eta haiek hazten doazen neurrian ikasten goaz». Sorrerako hazitegia 2014ko abenduan osatu zuten, Olarizuko lorategi botanikoak emandako haziekin. Bi urtean behin ematen du lorea, beraz, lehen uzta iazko irailean jaso zuten. Gutxi irten ziren eta hazietarako gordetzea erabaki zuten, bertan zikloa egin ondoren egokituago daudelakoan. Horietako 1.500 inguru maiatzean lursailean landatuko dituzte. Loreei dagokienean, berriz, espero dute iazko 700 landareetatik asko ez galtzea. «Toki askotatik deitu digute lorea eskatuz, pazientzia handia izaten ari dira. Uste dut ez dudala aurten denei erantzuterik izango», aitortu du.

Landare bakarra, erabilera anitz

Nahiz eta lorea saltzeko asmoarekin hasi, apaingarri edo babesle izateaz gain, beste zein erabilera izan zitzakeen ikertu zuten. Sustraia aztertu eta dituen propietateekin hainbat produktu bururatu zitzaizkien. Hazia bera saltzen dute landatu nahi duenarentzat edo kristalezko poto batean sartuta, edergarri gisa, «lorearen sinbolismo berarekin». Halaber, elementu hori irudikatzen duen bitxia ere saltzen dute. Zahartutako zilarrarekin sortu du diseinua Andrea Baragaño artista madrildarrak. Bestalde, sustraiarekin egindako 30 graduko likore bat eta azalerako krema ere prestatu dituzte. Pesosen hitzetan, «edariak zapore berezia du, beste ezeren antzik ez duena»; eta krema, berriz, aknearentzat nahiz dermatitisarentzat ona da. Eurek sortu badituzte ere, azken biak ekoizteko lankidetzan dihardute Errioxako likore enpresa batekin eta Madrilgo kooperatiba txiki batekin, hurrenez hurren. Ez dute gelditzeko asmorik. Epe laburrean, xaboia edo olio esentzialak egingo dituzte, eta erabilera berriak ikertzen ari dira jada elikadura alorrean.

Guztiok maghu-eguzkilore webgunean eros daitezke. Azken ukituak ematen ari zaizkio, baina aurreikusten dute hilabete amaierarako erabilgarri egotea. Orain arteko salmentak azoketan egin dituzte edo zuzenean harremanetan jarri zaizkienekin. Denda txiki edo belar-dendetan ere saltzen saiatuko dira, «produktuarentzat egoki diren tokietan. Ideia da Bilbo, Gasteiz eta Donostian behintzat gure produktuak dituen denda pare bat izatea», aurreratu du arduradunak. Loreak piztu du interes gehien, baina Pesosek zehaztu du produktuak probatu dituztenek oro har errepikatu dutela. Euskal Herrikoak dira erosle gehienak, baina Argentina bezalako tokietan ere izan dute baten bat. Ez zuten izandako oihartzuna espero eta eskertuta daude. Duten arantza bakarra da harrera on horri unean ezin erantzun izana.