Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Baionako elkarteek sexu erasoen kontrako protokolo bat landu dute

Baionako besten atarian, eta Iruñeko Udala eredutzat hartuta, Lapurdiko hainbat eragilek protokolo bat sortu dute izan daitezkeen sexu erasoei ahalik eta modu bateratu eta eraginkorrenean erantzuteko. Gizartean den sakoneko arazo honi irtenbidea aurkitzeko «sexismoaren aurkako borrokan artisau izan» behar dutela aldarrikatu zuten.

Prebentzio kanpainak «ongi daudela, baina aski ez» direla iritzita, Baionako hainbat elkartek bat egin dute festetan izan litezkeen sexu erasoei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko. Zizpa gaztetxearen aitzinean atzo egin zuten prentsaurrekoan, «Iruñeko kasuan bezala, instituzioek eta jendarteak erantzun bateratu bat eman behar» dutela adierazi zuten, eta horretarako, protokolo bat aurkeztu zuten.

Eraso bat gerta daitekeen momentutik, Herriko Etxearen eta elkarteen arteko koordinazioa ahalbideratuko luke aipatu protokoloak. Horrela, Iruñeko Udalaren jardunbide sistema eredu hartuta, elkarretaratze masibo eta bateratu bat posible izan dadin jarraitu beharreko urratsak zehazten ditu protokoloak.

Hainbat kolektibotako ordezkariak bildu ziren atzo Baionako gaztetxean ekimenaren berri eman eta azken urteetako balantze labur bat egiteko. Kasurako, PAF (Pour une Alternative Feministe), indarkeria sexistaren kontrako Zutik kolektiboa, Aitzina, EHZ, Zizpa Gaztetxea, Planning Familial eta Les Bascos elkarteetako ordezkariak bildu ziren prentsaurrekoan.

Eman beharreko pausoak

Protokoloa «eraso sexista bat izan dela egiaztatzen den unean jarri behar da martxan», adierazi zuen Amaia Fontang bozeramaileak. Horren ostean, arduradun baten telefonoa eskaini zuten, udaletxearen, hedabideen eta elkarteen artean gutxieneko koordinazio bat bermatu eta informazioa ahalik eta modu egokienean kudeatzeko.

Bigarren urratsa mobilizazio masibo bat deitzeko bitartekoak ezartzea da. Hala nola, «prentsa agiri bateratu bat kaleratzea eta sare sozialak aktibatzea». Eta azkenengo pausoa, egunean bertan edo biharamunean, arratsaldeko seietan Roland Barthes zelai gunean elkarretaratze bat egitea da.

Antolatzaileek oso garrantzitsutzat jo zuten instituzioen inplikazio aktiboa. Gogoratu zuten urte luzez elkarteek Udalaren babesik gabe jardun zutela prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak aurrera eramaten. «Udalak arazoa ukatzen zuen hastapenean, gero 2008. urtean harremanak izaten hasi ginen, eta orain elkarren osagarri gara, baina ez da nahikoa», azaldu zuen Fontagnek.

Aurrerantzean udalarekin eta udal ordezkariekin orpoz orpo arituko diren esperantzan, hau gaineratu zuen: «Ez daukagu diskurtso bera eduki beharrik [udalak eta elkarteek], baina erantzuterako orduan guztiok bat egin behar dugu».

Sexismoaren kontrako artisau

Stephanie Carre PAF elkarteko kideak udalak bestei begira egiten dituen prebentzio kanpainak beharrezkoak direla nabarmendu zuen, baina arazoa sakonagoa dela ohartarazi zuen. Bozeramailearen ustez, «eraso sexistak mendi baten tontorra bezalakoak dira, ikusten diren atala dira, baina azpian arazo handi bat dago, eredu matxista eta heteropatriarkalak sortzen duena, hain zuzen ere».

Zentzu horretan, gizarte mugimenduak instituzioen aurretik joaten direla sinetsita, «urrunago joateko urratsak egin» eta «sexismoaren aurkako borrokan artisau izan behar» dutela aldarrikatu zuten.