GARA
GASTEIZ

Ikurrinari omenaldia eta eraso matxisten gaitzespena, Blusen eta Nesken Egunean

Blusa beteranoek eta Gasteizko udal ordezkariek duela 40 urte ikurrina udaletxeko balkoitik zintzilikatu zela oroitu zuten atzo, jaien lehenengo egunean, Blusa eta Nesken Egunean, hain zuzen. 1977. urte hartan, besteak beste, ordezkari ziren Jose Vidal Sucunza eta Celestino Gonzalezek hartu zuten parte; blusen ordezkari gisa Jose Ignacio Arce, Iñaki Herrera eta Pedro Lopez de Abetxukok hartu zuten parte atzo. Gorka Urtaran egungo alkateak ikurrinari eginiko omenaldia zela aipatu zuen baina, bereziki, haren ofizialtasuna aldarrikatu zutenenganako esker-ematea.

1977ko urtarrilaren 19an legeztatu zen ikurra, eta blusek festetan berau udaletxean zein beste udal eraikin batzuetan jartzea eskatu zuten, eta hala egitea onartu zuen udal gobernuak aho batez.

Eraso matxisten aurka

Blusa eta Nesken Egunak beste irudi bat ere utzi zuen: asteburuan izan den sexu-erasoa gaitzesteko hamar minutuko elkarretaratze isila Plaza Berrian, «Gasteiz eraso matxisten aurka» lelopean. Emakume batek bortxatu zutela-eta salaketa aurkeztu zuen eta Udalbatzako eta blusa eta nesken ordezkari zein herritarrek babesa agertu zioten. Erasotzailea atxilotu eta kartzelatu egin zuten. Gertatutakoaren harira, arratsaldean mugimendu feministak deitu zuen elkarretaratzera.