Jon GARMENDIA
Idazlea

Tusuria

Oilarrak kokoriko egin baino lehen hegalaburrak dozena bat antxoa jaten dituela erran dit Dominikak. Eta pentsakor gelditu naiz istantean, etorri zait kukurruku deitzen niola oilarraren kantuari, eta aspaldian ez diodala nehori halakorik entzun. Etorri zait ere, garesti dagoela zimarroia, atungorri preziatua, eta hori arrantzaleari zuzenean erosten diodala! Plazera luxua dudan seinale. Aste honetan Luhusoko errepide bazterrean ikusi dudan “Burges bisitaririk ez! Aski gira” pintadaren eragina izango da beharbada. Idatzitakoa ulertzeko moduak asko aldatzen baitu zentzua. Plurala baliatzeko lizentzia harturik, dezente burges bilakatzen ari baikara zu eta ni. Ia oharkabean gainera.

Tusuria galanta egina nagoela leporatu dit Dominikak, luxuria ulertu diot lehen kolpean, galdetzea otu zait bigarrenean. Antza, euskara zaharrean deabruari deitzen zitzaion manera horretan. Etxean, liburu artean atzeman dut esaldia, “Handurreria, ezpada Tusuria, da hura iduria”, alegia, harrokeriak deabrukerien itxura duela. Eta oilarra etorri zait berriro kantura, oilarkeria eta handurreria ez baitaude sobera urrun, bata bestearen soinean baizik.

Lehen txantxangorria ibiltzen zen gure leihoetan, emeki eta apal, agertu bezala joanaz, eta bere arrasto gozoa utziaz. Orain, ordea, oilarra dabil kokoriko-kokoriko gurean, Tusuria da ludiaren nagusi, eta badirudi luzerako dela. Gu, opor labur batzuk egitera baino ez gara etorri mundura. Hasi maletak husten.