GARA
DONOSTIA

Depardon, Sang-soo eta Wiseman, besteak beste, Zabaltegiko lehian

Bide zinematografiko berriak urratu nahi dituzten filmak biltzen ditu Zinemaldiko Zabaltegi sailak eta, irailaren 22tik 30era bitartean ospatuko den 65. edizioan, Raymond Depardon, Hong Sang-soo eta Frederick Wiseman izango dira, besteak beste, Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko lehiatuko direnak. Sailari hasiera Ruben Östlund-en «The Square» filmak emango dio eta orotara hamalau film luze, film ertain bat eta zazpi film labur hartuko ditu barne.

Manuel Abramovich, Filipa Cesar, Raymond Depardon, Damien Manivel eta Kohei Igarashi, Ilian Metev, Hong Sang-soo eta Frederick Wiseman zuzendarien azken film luzeak gehitu dira Zabaltegi sailera. Iaztik lehiaketa sail bihurtua, aurten Ruben Östlund-en “The Square” filmak, Canneseko Urrezko Palmaren irabazleak, emango dio hasiera.

Frederick Wiseman (Boston, AEB, 1930) Ameriketako Estatu Batuetako gizarteari, lan esparruei eta erakunde publikoei buruz egin dituen erretratu zorrotzengatik da ezaguna eta alor horretakoa da bere azken filma, “Ex Libris: New York Public Library”, non munduko jakintza erakunde handienetako batean barneratuko baitu ikuslea.

Raymond Depardon (Villefranche-sur-Saône, Estatu frantsesa, 1942) argazkilari eta zinemagilea bitan izan da dokumental onenaren Cesar sariaren irabazle, “Reporters” (1981) eta “Délits Flagrants” (1994) filmei esker. “12 jours/12 Days” filmean (emanaldi berezia Cannesen), Estatu frantseseko zentro psikiatrikoetan barneratuko da Depardon.

Hong Sang-soo (Seul, 1960) zinemagileak lengoaia zinematografiko eta estetika bereziak garatu ditu eta, iaz zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazita (“Dangsinjasingwa dangsinui geot/Yourself and Yours”-i esker), aurten “Geu-hu/The Day After”-ekin dator: amodio harremanetan zebilen langile baten ordez sartu den emakumearen lehen lanegunaren berri ematen du filmak.

Manuel Abramovich (Buenos Aires, 1987) bigarren film luzearekin dator. “Soldado”-n, armadan sartzea erabaki duen gazte baten begiradaren bitartez aztertzen du zer zeregin duen Argentinako armadak egun, diktadura amaitu zenetik hiru hamarkada igaro direnean.

Filipa Cesar artista eta zinemagileak (Porto, Portugal, 1975), 2001ean Ginea Bissaun aurkitutako material entzunezko eta zinematografikoa aztertzen du “Spell Reel” filmean, Gineako zinemagintzaren sorreraren lekukotza emateko.

Clement Cogitore (Colmar, Estatu frantsesa, 1983) artista garaikideak Siberiako basora garraiatuko gaitu “Braguino” 49 minutuko filmaren bidez. Damien Manivelek (Brest, Estatu frantsesa, 1981) eta Kohei Igarashik (Shizuoka, Japonia, 1983) elkarrekin zuzendu dute “La nuit où j’ai nagè/The Night I Swam”, Veneziako Orizzonti sailerako aukeratua izan dena.

Ilia Metevek (Bulgaria, 1981) bere bigarren film luzearekin, “3/4” izenekoarekin, familia batek elkarrekin emango duen azken uda irudikatu du, eta Cineasti del Presente saileko Urrezko Lehoinabarra irabazi berri du Locarnoko zinema jaialdian.

Laburren atalean, aurrez iragarritako filmei Jose Luis Torresen, Tamyka Smithen, Gerhard Treml eta Leo Calicer-en, Jorge Jacomen eta Petar Krumoven azken lanak gaineratuko zaizkie. Zerrenda osoa ikusgai Zinemaldiaren webgunean.