Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren hiriak

Ez dut uste Ez Dok Amairu osatzen zuten kantariek jaialdi-kontzertuen hasieran «Gabon Hernani» edo «Kaixo Donostia» batekin agurtuko zituztenik entzuleak. Oso elizkoi eta apaizena geratuko litzateke «adiskide maiteak» leloarekin hastea. «Kaixo lagunok» gertukoagoa.

Atzerriko musika talde ospetsuak Euskal Herrira etortzen hasi zirenean zuzenekoak eskaintzera, «Hello San Sebastian» agur-oihua entzutea arraroa egiten zitzaigun ingeles ahoskeragatik. Gero, noiz edo noiz, antolatzaileen aholkuak zirela medio, euskaraz botako zituzten lehen hitzak zaleak gehiago erakartzeko eta berotzeko, «Gabon Donostia». Publikoari erakutsi nahi zioten bazekitela Euskal Herriak bere ohiturak eta hizkuntza zituela, Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko diferentzia (gutxi batzuek). Askok egingo zuten publikoa irabazteko, baina hemengo gatazkaren berri ba al zuten? Keinuak, azken finean.

Urteak dira bertoko taldeek edozein herriko jaietan egiten dituztela antzeko agurrak, «Aupa Laudio» edo «Gabon Fruiz». Talde handi zein txikietan usadio bilakatu da. Entzuleak hiri edo herriaren izenarekin agurtzea irudimen gutxi izatea da, eta gainera, kantariek lelo berbera makina bat aldiz errepikatu ohi dute. «Aupa peña» trauskil geratzen da. Azken boladan, «Kaixo familia» askotan entzuten da. Familia? Entzulearen onespena irabaztekotan musikarekin izango da. «Kaixo lagun» eta errenkadan kantuak zuzen eta “bis”-ik gabe.