Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Heterotopia

Zer iruditzen zaizu Katalunian gertatzen ari dena?». Ezustean harrapatu ninduen galderak. Ametsetan ere –amets eroa balitz ere– ez zitzaidan bururatuko kartzelan lan egiten duen guardia batek munduko gertaeren gainean inolako interesik agertuko zuenik. «Historia ikasitakoa naiz», gaineratu zuen. «Nazioarteko politika jarraitzen dut, eta Kataluniakoa ez dut ulertzen». Azken asteotan maiz entzun dut horrelakorik gauzak bere horretan, hots, Europa “betiko” Europa nahi duten horiengandik. Halako pertsonei ez zaie besteen iritzia interesatzen, ez bada beraiena indartzeko. Guardiaren jarrera antzekoa izango zela iruditu zitzaidan. «Zer nahi duzu esatea?», bota nion, «euskal herritarra naiz eta ondo iruditzen zait Katalunia egiten ari dena». Behiak trenari bezala begiratu zidan. «Zer da euskal hori? Kataluniaren antzeko zerbait?». Bost minutuko azalpenaren ostean –atzerrian bizi garen euskal herritarrok ohorezko diplomatiko izendatu beharko gintuzkete– barkamena eskatu zidan guardiak bere ezjakintasunagatik. Zeinek esan behar zion “Espainia” ez zela berak uste zuen Espainia? Gaian gehiago sakonduko zuela agindu, eta lankideekin batera lasai alde egin nezakeela esan zidan, ez zuela nire denboraz abusatu nahi. Azken batean, zeinek igaro nahi du gaua kartzelan sartuta politikaz eta historiaz hizketan? Etxerako bidean, presoentzako liburutegiko historia liburuak eta atlasak gainbegiratzen irudikatu nuen guardia, bere jakin nahia asetzen. Ez nion esan kanpoko munduak kartzela ematen duela maiz.