Alfontso DIEZ

Izaroren irudia duen teila, bihar berrikuntza

Biharkoa, Madalen eguna, handia da bermeotarrentzat. Asteburua jaietan buru-belarri sartuta egingo dute –gaurko ere makina bat ekitaldi dago egitarauan– eta bihar bisita egingo diote Izaro uharteari, urteroko tradizioari eutsita. Eta noski, teila jaurtiko du itsasora alkateak eta «Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak» oihu egingo du, uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraztearren. Baina aurtengoak berezitasun bat izango du, Idurre Bideguren alkateak berak eta Aingeru Astui Kultura zinegotziak aste honetan jakitera eman dutenez: ureratuko duten teila berezia da, Juanjo Bereciartua herriko artistak margoturikoa baita; hain justu, irla bera irudikatu du. «Izarok bermeotarrentzat duen garrantzia islatzen du», nabarmendu du Bidegurenek. Itsas jai hau eguerdian hasiko da: izotz fabrikaren parean ontziratuko dira Bermeoko udal ordezkariak –Mundakako, Elantxobeko eta zenbait erakundetako ordezkariak ere gonbidaturik daude, ohikoa denez–, aurretik zozketan tokia egokitu zaien hainbat herritarrekin batera.