Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA LEHIA

Txapelketa hirukoitza, baina bereizturik

Joan den ostiralean hasi eta igandera bitartean, Berriobeitiko Rocopolis eskalada horman, Euskal Mendizale Federazioaren eta Nafarroako Federazioaren abiadura, bloke eta zailtasun hitzordu nagusiak jokatu ziren.

Historian lehen aldiz, euskal eskalada lehia batek formatu hirukoitza izan du. Horrekin esan nahi dugu, hitzordu berean, hiru txapelketa edo modalitate jokatu direla: abiadura, blokea eta zailtasuna. Izaera honetako lehien jarraipenik egiten duena laster batean ohartuko da 2020. urtean Tokion (Japonian) jokatuko diren Olinpiar Jokoetan erabaliko den formatua dela. Eta zer bilatzen ote den? Bada, diziplina bakoitzeko irabazleez gain, lehiakide erregularrarena koroatzea. Eta horri overall deitzen zaio: hots, hiru modalitate horietan puntuak batu eta garailea irteten da.

Eta hori guztia, Tokiora joan beharrean, Euskal Herrian bertan bizi izan dugu. Joan den ostiralean hasi eta igandera bitartean, Berriobeitiko Rocopolis rokodromoan euskal hitzordu nagusiak jokatu ziren. Alabaina, azpimarratu beharra dago euskal lehia nagusi horiek bereiztuta antolatu zirela. Izan ere, Hego Euskal Herriko bi mendi federazioek esku hartuta jardun badute ere, norberak bere aldetik banatzen baititu txapelak: batetik, Euskal Mendizale Federazioarenak, eta, bestetik, Nafarroako Federazioarenak. Hori gutxi ez, eta Iruña Irekia jokatu zen.

Txapela ugari

Oro har, lasai asko aitor genezake txapelketa horiek eta formatu berriak berak arrakasta izan dutela. Hiru egun luze izan ziren, baina aspertzeko arrazoirik ez zen izan; izan ere, diziplina horiek oso ezberdinak dira. Eta lehia horietara hurbildu ziren ikusleek onartu zuten arras erakargarriak eta ikusgarriak egin zitzaizkiela.

Parte-hartzaileei dagokienez, ehundik gora aritu ziren. Hori bai, txapelketa hirukoitza zenez, ia gehienak hiru modalitateetan lehiatu ziren. Atera kontuak, beraz.

Inolako zalantzarik gabe esan daiteke, gainera, hiru txapelketa horietan ez zela ezustekorik izan. Eta horrek badu azalpen argi eta garbi bat: nagusitu ziren lehiakide guztiak, salbuespenik gabe, EMFko eta Nafarroako Federazioko selekzioetako ordezkariak dira.

EMFko lehiei zegokienez, nagusietan Itziar Zabala eta Mikel Linazisoro hiru disziplinetan gailendu ziren. Beraz, overall sailkapena haientzat izan zen. Linazisororen kasuan oso nabarmen geratu zen nazioarteko lehiaketetan jarduten duela, eta eskarmentu horri esker poltsikoratzerik izan zuen. Zabala, berriz, abiadurako modalitatean hasi berria da, baina blokean zein zailtasunean bikain lehiatzen da. Nafarrokoan, berriz, Leire Ruiz de Argandoñak abiaduran eta blokean irabazi zuen, eta Suyapa Perezek zailtasunean. Eta mutiletan, honakoak gailendu ziren: Iker Carrera abiaduran, Ivan Cobos blokean eta Ander del Rio zailtasunean.

Euskal Mendizale Federazioaren txapelketak beste hiru mailatan ere jokatu ziren. 20 urtez azpikoetan, honakoak ibili ziren sasoikoen: Irati Zabala eta Markel Yoller blokean, Zabala zailtasunean eta Maider Corral eta Linazisoro abiaduran.

18 urtez azpikoetan, bestalde, Mikel Cuerda eta Izaro Azkue blokean nagusitu ziren, Aitziber Urrutia eta Joanes Aranburu zailtasunean, eta Andoni Esparta eta Urrutia abiaduran.

Eta, azkenik, Aimar Usonek eta Haizea Osesek, blokean, jantzi zuten txapela. Zailtasunean, Joanes Esparta eta Oses izan ziren indartsuenak. Eta abiduran, aldiz, Uson eta Lucia Arlanzon.