F.M.
DONOSTIA
Entrevue
ASIER IÑIGO
GARA-NAIZEKO MARKETIN ARDURADUNA

«Oso balorazio positiboa egiten dugu; sekulako herria daukagu»

GARAren espolioaren aurkako hedapen kanpainaren arduradun nagusia da, ekitaldi solidarioak zein etorkizuna bermatuko duten harpidedun berriak erakartzeko ekimenak koordinatzen dituena.

Kanpainaren bi heren gainditu dira jadanik. Zein da zure balorazioa?

"Egin"-en zorraren exekuzioa berehalakoa izango zela jakin genuenean, aztertzen hasi ginen zein izan behar zen gizarteratu behar genuen erantzuna, urteko balantzeetan inongo irabazirik ez duen proiektu komunikatibo batek nola egin behar zion aurre hiru milioiko lapurreta bati, eta hori lortzeko zer esan edo eskatu behar genion gure komunitateari eta euskal gizarteari oro har… Besterik gabe egunkaria itxi eta proiektu komunikatiborik gabe geratzea ez baitzen aukera bat.

Ez zen erronka erraza. Komunikazio arloan, jendeari kontatu behar genion GARA oso egoera kritikoan uzten zuen kolpea zela, bidegabekeria itzela, baina, bestetik, biktimismotik aldendu eta esan nahi genuen sinisten dugula proiektu honek etorkizuna baduela. Bi ideia horien arteko oreka asko zaindu dugu, eta kanpainako hiru hilabete igaro direnean uste dugu lortu dugula bi ideia horiek, "Expolio GARA" eta "Harpidetu etorkizunera", indar eta zentzu osoz gizarteratzea. Horregatik oso balorazio positiboa egiten dugu, komunikazio helburuak eta harpidetzen helburuak betetzen ari garelako. Sekulako herria daukagu.

Abiapuntua iragana da: GARAri inposatutako "Egin"-en zorra; hala ere, kanpainak, harpidetzen bidez, etorkizunera begiratzen du...

Proiektu honek etorkizuna izango badu, hori harpidetzen eredua indartzetik etorriko delako. Komunitatea indartzetik. Dirua biltzeko eskema klasikoa erabili izan bagenu, adibidez kontu korronte bat eskaini dirua jasotzeko eta abar, konbentzituta gaude modu horretara azkarrago lor zitezkeela beharrezkoak ditugun hiru milioiak. Baina guk ez dugu dirua eskatu nahi besterik gabe zorra ordaintzeko, inongo kontraprestaziorik gabe. Gure asmoa da unean uneko dramatismotik harago, proiektua sostengatu nahi duen herritar orori zerbitzu bat eskaintzea. Binkulo iraunkor bat sortzea, ahalbidetuko diguna hedabide, eduki eta zerbitzu gero eta hobeak eskaini ahal izatea denboran. Harpidetza bat ordaintzea merezi duen zerbitzua. Hartu-eman eta babes iraunkor horrek bakarrik bermatu dezakeelako ildo editorial independente bat mantentzea eta proiektu bezala indartzea.

Zer esparrutara iritsi da kanpaina?

Kanpainaren irismenak harrituta utzi gaitu. Ez gaude ohituta geure buruaz hitz egitera eta aktualitatearen fokua gugan jartzera, nahiz eta beste bidegabekeria asko ere jasan ditugun (mehatxuak, boikot instituzionalak, etab.). Horren ondorioz ere jende askok ez zekien 15 urte daramatzagula Damoklesen ezpata honekin, "Egin"-en zorra noiz exekutatuko zain. Albistea emateko prentsaurrekoa egin genuenean ez genekien ziur zer gertatuko zen. Baina berehala hasi zen zurrunbiloa sareetan; #ExpolioGARA traola erabiliena izan zen Estatu espainol osoan pare bat egunez, Euskal Herriko eta atzerriko hedabide askoren albiste izan zen. Badago ere eremu desberdinetako jendea gure ildo editorialarekin bat etorri gabe, babes osoa adierazi diguna, ulertzen duelako prentsa aniztasuna eta askatasuna ezinbesteko balioak direla gizarte demokratikoago eta aberatsago bat eraiki nahi badugu. Bereziki nabarmentzekoa da kultura mundutik (artistak, musikariak…) jasotako babesa.

Herritar askok hartu dute aurrea beren kabuz laguntza emateko?

Berehala hasi zen espontaneoki elkartasun olatu bat kazetarien partetik, herritar askoren partetik. Eta, batez ere, gure iragarle eta irakurleen partetik. Askok dirua nola eman zezaketen galdetzen ziguten. Baina guk bagenuen plan bat eta plan hori ondo azaldu nahi genion gure komunitateari. Horregatik deitu genuen Kursaaleko batzarrera pare bat aste beranduago. Hortik aurrera harpidetza dinamikak aktibatu genituen herrika eta nazio mailan. Laguntza eman nahi ziguten iragarleei egunkariaren azken orri osoa eskaini genien. Eta beste hainbat ekimen ere abiarazi dira. Baina nabarmendu nahi ditugu lehen momentutik edozertarako prest agertu zitzaizkigun herritar horiek guztiak. Horiek baitira ezinbestekoak, herri honen benetako altxorra.