17/06/2019

Ertibil Bizkaia erakusketak zazpi udalerri zeharkatuko ditu

Bizkaiko Aldundiak antolatu duen Ertibil Bizkaia Arte Plastikoen Erakusketa Ibiltaria Bilboko Rekalde Aretoan abiatu da eta gero Ea, Balmaseda, Elorrio, Arrigorriaga, Eibar eta Getxo bisitatuko ditu. Bestalde, 2018ko Ertibil Bizkaia sariak eskuratu zituzten Maria Muriedas, Maider Gonzalo eta Izaro Ieregik Japonian egonaldia egin zuten eta orain «KAO. Lora, Sandia eta Printzesa» erakusketa osatu dute. Aurtengo irabazleek ere egingo dute Japonian egonaldia.

GARA|BILBO
0617_kul_ertibilona

Ertibil Bizkaia erakusketaren 37. edizioan parte hartzeko deialdian 83 artistek eman dute izena. Horien guztien artetik, 18 obra aukeratu dituzte herriz herri ibiltzeko.

Bizkaiko Diputazioak antolatzen duen lehiaketan saritutako artistak honako hauek izan dira: Juan Pablo Orduñez MawatreS, Borja Gomez Diez eta Izaro Ieregi. Horiez gain, Raisa Alava, Ana Arsuaga, Maria Benito Piriz, Mar de Dios, Andoni de la Cruz, Urotz Deusto Iturregi, Ivan Gomez, Gomez Selva, Estibaliz Gutierrez, Eztizen de la Cruz, Saray Perez Castilla, Ander Sagastiberri Fernandez, Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Diego Vivanco eta Imanol Zubiauzek erakutsiko dituzte euren lanak.

Ekimenak artista gazteei babesa ematen die, haien lanen ikusgarritasuna sustatuz. Erakusketa ibiltaria zazpi udalerrietatik igaroko da. Orain eta uztailaren 7ra arte Bilboko Rekalde aretoan izango da eta gero Eara joango da, Eskolondo kultur etxera. Abuztuaren 1ean Balmasedako Horkasitas jauregian leku hartuko du, irailaren 4an Elorrioko Iturri kultur etxera joateko. Erakusketa hartuko duten azken aretoak honakoak izango dira: Arrigorriagako Euskaldunberri aretoa (irailaren 27tik urriaren 23ra), Eibarko Portalea kultur etxea (urriaren 24tik azaroaren 1era), eta Getxoko Begoña lurmuturra (azaroaren 1etik abenduaren 29ra).

Japoniatik etorri berri

2019. urte honetan, bigarren urtez, lehiaketak Japonian bi hilabeteko egoitza artistikoa egiteko aukera eskaini die hiru irabazleei. Horren bidez, lehiaketaren nazioarteko hedapena bilatu nahi da, kulturen arteko komunikazio eta hartu-emanarekin batera.

Iaz Japoniara joan ziren irabazleen lanekin “KAO. Lora, Sandia eta Printzesa” izeneko erakusketa antolatu dute Bilboko Berreginen museoan. Maria Muriedasek “Triple X” sortu du bere belaunaldiko pertsonekin topaketak egin ostean. Argazkigintzaren testuinguruan poseekin zerikusia duten zenbait jokaera aztertu ditu. Modu horretan performance egoera bat sortzen da, eta hortik proposamen gisa partitura bat hedatzen da, interpretatua izateko baldintzak ezartzen dituena. Erakusketa aretoko espazioan lau pantaila ezarri dituzte.

Maider Gonzalok “Dragoi formako makila hartu duen gizona” lana egin du, Japoniako egonaldian nagusiki Itoshima eta Fukuoka inguruetan ateratako argazkiez osaturiko lana. Argazkiak eta bideoak aretoko paretetan proiektatuko dira.

Egonaldian zehar, artistak argazki batzuk inprimatu eta estudioko horma batean jarri zituen konposizio bat egiteko. Prozesu horren ondorioz, argazkiak eta espazioa lotzen hasi zen. Bere estudioa kaletik ikusten zen, eta, jendea estudiora sartzen zen bakoitzean, hormaren aurrean argazkiak ateratzen zizkien. Paretak hondo lanak egiten zituen. Orain, Berreginen Museoko erakusketan, hondoaren gai horrekin jarraitzen duela ikus daiteke.

Izaro Ieregik hiru lan egin ditu: “Txandal” bi pantailako bideo instalazioa da, aurretik egindako ariketen filmaketa eta argazki saio ezberdinak erakusten dituena; “Miyako” hiru pantailaz osatutako bideo instalazioa da, Fukuokako metroan zoriz ezagututako opera abeslari baten ingurukoa; bukatzeko, “Japan night album”, Japonian grabatutako bideo batetik ateratako argazki instalazioa da.

HIRU IRABAZLEAK


Juan Pablo Orduñez «MawatreS», Borja Gomez Diez eta Izaro Ieregi izan dira aurtengo irabazleak. Hiruren lanekin batera beste hamabost artisten obrak ere erakutsiko dituzte erakusketan.