Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

San Iñazio Urbian

San Iñazio, bai, herenegun. Eta orduan zer esan nahi dudan galdetuko duzu, Iñazio santu Loiolakoa Urbian, izenburuan ja, hortxe kokatzean. Ba, bai. Arantzazuk jendetza, handia baino areago, jende multzo luzea ikusi zuen Urbira bidean.

Halaxe da azken urteotako ohitura, ongi oinarritua: Goizerdiko meza izaten da, Urbiako kaperan, 11.30ean ospakizun sokari hasiera eman ohi diona: gero, handik fonda-jatetxe aldera, dantza eta kanta giroa, suelto asko. Bertsolaririk ez da falta ohi; trikitilari eta koplaririk ere ez, gehienetan.

Herenegun festa giroa bakanxeago eta eskasantzeago gelditu zen: herri-kirolik ez, artzain-txakurren jolasik-eta ere ez... «eguraldi ona eskatzen dugu, horixe!». Bestela, giro eta anbientea piztu eta berotzeaz arduratuko zirela, bai; hala zioen Oñatiko talde bateko gazte kuadrilla ondroso batek. Eta halakoxe giro dotorea suerta zitzaien egun osoan. Hurrengo goiz aldera bai, sekulako oinaztu festa luze eta zuri-zuria...!

Baina zergatik izan zuten giro mozte eta hozte hori? Ba, Partzoneria behartuta aurkitu da aurten, Araba aldetiko bidea desegokitzen joan delako: Zalduondo aldetik Zumarraundira igotzeko pista ez dago ondo, ezbeharren bat gerta daitekeen beldurra ere bada. Konpondu arte ez da komeni kotxeak handik igotzea, eta aurten, goiko festa xumeago ospatu ahal izan da, baina guztiz alai, pozik eta umoretsu den-dena.