Arantxa MANTEROLA
IRUN

Demokrazia ezak gatazkak sortzen ditu eta, ondorioz, presoak ere bai

G7aren aurkako gailur alternatiboaren hizpideetan ezin zen falta mundu zabalean gatazka politikoek eragiten duten ondorio nagusietako bat: errepresaliatuen eta, zehazkiago, presoen arazoa. Euskal Herrikoen eta Kurdistanekoen egoeraz mintzatu ziren atzo, Ficoban, ebazpen berera iristeko: demokraziarik eza gatazken eta, hortaz, presoen iturburua da.

Antton Lopez preso ohiak euskal eta mundu osoko preso politikoei besarkada igorriz hasi zuen mintzaldia, baita lehen txaloak eragin ere. Entzuleek gai honekiko zuten sentiberatasuna agerian geratu zen, beraz, hasieratik. Euskal herritarrei oso ezagun egingo zaizkien azalpenak eman zituen jarraian baina kanpotik etorritako askok aukera izan zuten frankismotik gaur egunera arte euskal presoek pairatu –eta pairatzen dituzten– egoerak ezagutzeko.

Hala, bere bizitzarekin parez pare joan diren militantzia urteen errepasoa egin zuen, bera bezala, belaunaldi asko askapen mugimenduan engaiatzera eraman zituen arrazoi nagusia aipatuta: Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herriak hamarkadetatik aldarrikatutako berezitasuna aintzat hartu ez izana. «Frankismoan, euskal gazte askok herri gisa, baita pertsona gisa ere, autoestimua berreskuratzeko garaia zela pentsatu genuen eta horregatik lotu ginen borrokara», azaldu zuen. Diktadorea hil eta gero ere, «funtsezko arrazoiak berean segitzen baitute», kartzelak betetzen joan direla gogoratu zuen.

Lopezek urte hauetan guztietan izandako errepresio mota askotarikoen zifrak eman zituen, eta gaineratu zuen «horrek denak, gatazka politikoaren izaerak berak bezala» bi estatuen aldetik aitortzarik ez duela jaso oraindik.

Kurdistanen, milaka

Proportzioan preso eta errepresaliatuen kopuru horiek Euskal Herrirako handiak izaki ere, Kurdistanen kasuan txiki geratzen dira. Ercan Akdash HDP/HDK-ko kideak esan zuenez, milaka dozena dira espetxeratuak eta eraildakoak.

Estatu frantsesean errefuxiatuta bizi den idazleak Kurdistan Irak, Iran, Siria eta Turkiako lurraldean banatua dagoen herria dela gogorarazi zuen. Azken horrekin herri kurduak «daraman gerra» azpimarratu zuen bereziki, «ni hangoa bainaiz».

«Edozein motatako militante, ekintzaile edo herritar soil, izan kontzientzia eragozle, ekologista, bakezale edota oinarrizko askatasunen alde ari dena, terroristatzat hartzen du Erdoganen gobernuak», zioen.

Emakume kurduen engaiamendua bereziki goraipatuta, argazkiak erakutsi zituen, harrotasunez. «Hiru hauek, preso daude. Beste hau parlamentaria da eta luzez gose greban izan zen espetxean zegoela. Ehunka militantek bezala, duela 20 urtetik Turkiak preso eta bakartuta daukan Abdullah Ocalan PKK-ko sortzailearekin elkarrizketak hastea eskatzen zuen Kurdistanentzat irtenbide bat adosteko».

«Hipokrisia»

Errepresioa «eguneroko ogia» da, Akdashek dioenez: «Egoera oso bortitza da eta han ezin da presoen eskubideez hitz egin ere». Entzuleen artetik, Montpellierretik etorritako pertsona batek PKK «erakunde terroristen zerrendatik» ateratzeko ahalegintzea gomendatu zuen: «Hau hipokrisia hutsa da. Alde batetik, nire eskualdean bezala, Kurdistanen eskubideen aldeko taldeak badira eta gobernuak ez du eragozten lan hori, baina, egun batez, estatu interesak tarteko, Parisek PKK nazioartean terroristatzat hartua dela argudia dezake eta dena debekatu».

Bai herrien eta bai norbanakoenen askatasun, ideien eta eskubideen defentsa «kriminalizatzeko helburua» ikusi zuten hizlariek estatuen jarreretan eta, guztiaren atzean, erabateko «demokraziarik eza, gatazka eta presoak sortzen dituena».