Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Klimaz haragoko krisia

Etengabeko hazkundea. Gure gizarte esponentzialaren paradigma honek ekonomiaren hazkunde egonkorra behar du; baina sumatzen hasiak gara ate joka dugun krisiaren arrazoiak ez direla uneko portaera desegokien ondorioa, baizik eta eredu osoaren emaitza. Etekina pertsonen aurretik jartzen duen eredua da gurea, planetaren baliabideak harrapakatzen dituena, askatasunarekin eta giza eskubideekin batera. Hala eta guztiz ere, eredu honek ez du bere dinamika maltzurrarekin jarraitzeko etekin nahikorik lortzen.

Kapitalismoak, enegarrenez, huts egin du, baina horrek ez du esan nahi bere ondorio lazgarrienetako bati, klimaren aldaketari alegia, aurre egiteko asmoa duenik. Guztiz kontrakoa, arazoa denik ere ez du aitortu. Badirudi hautaturiko bidea ezinbesteko baliabideen agortzea dela –bereziki, erregai fosilak–, baita bizi baldintzen kaskartzea ere. Horrela, egunerokoa kudeatzera behartuak egongo gara, epe luzera planifikatzeko erabakia hartzen ez dugun bitartean. Eta are larriago, erraztasun handiagoarekin irentsiko dugu gizakia otsoa dela gizakiarentzat, hau da, migrazioak mehatxuak direla. Hala, gure buruak babesteko izugarrizko babes sistemak eta alanbre-hesiz blindatutako mugak behar ditugula.

Egoera beldurgarri horren aurrean geldirik geratzea ulergarria da, baina gogoan izan behar dugu ez garela, sinetsarazi nahi diguten moduan, otsoak. Hondamendi handien aurrean lankidetza izan ohi da nagusi; eta gainera, inork ezin izan du baieztatu migrazioek gatazkarik sortzen dutenik. Hortaz, kinkarik larrienean gaudela iruditu arren, ulertu behar dugu badagoela zer egin. Mugimendu feministak erakutsi du badela bide kolektiboa egitea; tokiko lanabesak erabiliz, nazioarteko erresistentziak lortu ahal dira. Horregatik guztiagatik, elkar zaintzeko une aproposa dela ulertu behar dugu. Ildo horretatik, irailaren 20tik 27ra bitarte, klima aldaketaren kontrako mobilizazioak izango dira munduan zehar: herri bakoitzaren ezberdintasunak kontuan hartuko duen trantsizio ekosoziala tokian tokitik pentsatzen hasteko aukera ezin hobea.