GARA
IRUÑEA

Trafiko eskumena bere gain hartzeko lanean ari da Iruñeko Gobernua

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek baieztatu zuen atzo, Juan Luis Sanchez de Muniain Navarra Sumako parlamentariaren galdera bati ihardesterakoan: Barne Saileko Zuzendaritza Nagusiak hilabeteak daramatza trafikoaren eta bide segurtasunaren eskumena bere gain hartu ahal izateko beharrezko denbora eta baldintzen gainean lanean.

Zehazki, Madriletik Iruñera eskualdatze «progresiboa»&flexSpace;egiteko egutegi bat osatzeko lanean ari dira, «eskumen esklusiboko konponbidea» azken helburutzat hartuta. Beti ere aldebikotasunean oinarrituta, Estatuarekin irizpideak finkatu nahi dira «trafikoaren kudeaketa hobetzearren».

Remirezek adierazi zuen bere alderdia «beti» egon dela eskumen horiek transferitzearen alde eta Gobernuaren akordio programatikoan bertan geratu dela agerian. Negoziazioetan izan diren atzerapenei dagokienez, aldiz, Gobernu espainolaren behin-behineko egoerarekin justifikatu zituen.

«Ez da aitzakia»

Sanchez de Muniainen ustez, ostera, Madrilen Gobernua osatzeko izan den zailtasuna «ez da aitzakia» atzerapen horietarako. Ez hori soilik: Navarra Sumako legebiltzarkideak salatu zuen Iruñeko Gobernuak ez duela «ezer egin. Nafarroako Gobernuaren planteamendua ez da egokia; izan ere, eskumenak transferiturik daude eta Foruzaingoak egikaritzen ditu parte batean. Hemen bilatzen dena da Nafarroak modu esklusiboan egikaritzea», kexatu zen.

Remirezek erantzun zion Navarra Sumaren arazoa beste bat dela: «Eskumen historiko hau errealitate bilakatuko duena Gobernu hau izatea».