Imanol Karrera eta Saul Arangibel
Antsoaindarrak
KOLABORAZIOA

Denok batera Antsoain euskaldunaren alde

Euskara Antsoainen lantzea inoiz ez da erraza izan. Zailtasun horren atzean dauden hiru arrazoi ezberdin aipatuko genituzke. Lehena Antsoaingo soziologia bera: langile herria dugu Antsoain, eta ondorioz espainiar Estatuko hainbat herritako langileek aurkitu zuten lana, lekua eta bizitza dagoeneko beraiena den herrian. Bigarrena, eta honetan autokritika zintzoa egin behar dugu, euskararen garapena eta defentsa lantzea behin eta berriz proposatu dugun arren, ez gara gai izan ekimenak eta indar soziala ondo bideratzeko. Hirugarrena, Nafarroa osoan bezala, urteetan Antsoainen PSNk izan duen jarrera euskarafoboa.

Azken horri dagokionez, ikuspegi historiko eta estrategikoa izateko, gogoratu beharrekoa da PSNk bere garaian Antsoainen egitekoa zen Pirritx eta Porrotxen emanaldi bat debekatu zuela. Horretaz gain, Xalbador euskaltegia ere itxi zuen. Baina larriena izan zen PSNk herrian ezarritako hizkuntza politika euskarafoboa lanpostu publikoetan euskara baztertzeko eta euskaldunon eskubideak urratzeko. EH Bilduk alkatetza lortu zuelarik, politika haren ondorioak euskaldunondako samurragoak izan zitezen, bestelako plantilla organiko bat onartu zuen, baina UGT sindikatuak, PSNren soka berekoa baita, epaitegietara eraman zuen.

Egun, zorionez, bestelako errealitate bat dugu Antsoainen. Antsoaingo soziologia erabat aldatu da. Kanpotik etorritako langile haien seme-alaben seme-alabek euskara eredura eramaten dituzte beren haurrak, eta horregatik Antsoainen dagoen lehen hezkuntzako eskola bakarrak euskara eredua dauka soilik.

2015ean aldaketa politikoa gauzatu zen udalean 24 urtez PSNren gobernu jarraituei amaiera emanez eta horrekin batera euskarafobiari. Oraingo Udalak Antsoain euskaldun baten alde lan egiten du. Aurreko legegintzaldian egin zuen moduan euskaren aldeko mugimendu bat sortzeko baliabideak jarriz, esate baterako. Aldiz, lehen aipatutako autokritika zintzoari eutsiz, onartu beharra dago herri mugimendutik jarraitzen dugula euskarari behar duen lehentasuna eman gabe, urratsak eman gabe.

Horregatik, gure uste apalean, Antsoaingo Udala (EH Bildu) Navarra Sumak eta PSNk urteetan egin dituzten eta oraindik ere egiten dituzten eraso euskarafoboekin (Mendigorria, Iruñeko haur eskolak, Altsasuko lanbide heziketa...) parekatzeak, aurreko larunbateko manifestazioan gertatu zen moduan, ez du errealitatearekin bat egiten. Parekatze horrek ez dio inolako ekarpenik egiten Antsoainek euskalduna izateko duen erronkari eta helburuari. Kontrakoa, gure ustez. Antsoainen haur eskolarekin dugun arazoa euskarafobia parametro horietan korapilatzeak ez du ezer gehitzen eta beharrezkoak diren indar guztiak sakabanatzen ditu, nahasten ditu, herrian azken aste hauetan ikusten ari garen moduan.

Antsoainen euskaldunon eskubideak errespetatu eta bermatu behar dira eta horretarako 0-3 urte arteko haurrak euskaraz ere eskolatzeko dagoen eskaera soziala ahalbidetu behar da. Udalari dagokio, beraz, herriari eta langileei zehaztea eta azaltzea noiz eta nola izanen dugun haur eskola osoki euskalduna.

Joxe Mari Agirretxe Porrotx-ek esaten du «gure bizitza eta herria eraldatzeko tresna» dela euskara. Eta gure ustez ere, hau da herri bezala dugun erronka kolektiboa aldaketa sozialean sakontzeko eta herri justu bat eraikitzeko. Horretarako aukera eta baldintza ikaragarriak ditugu kalean eta, zapatistek dioten bezala, herriaren gobernuaren etxea den udalean. Antsoain herri euskalduna bilakatzeko determinazioz eta ilusioz, beharrezkoak diren indar guztiak batuz. Egin dezagun!