A.U.A
DONOSTIA

Zaintza sareak, antolatuta eta laguntza eskarien esperoan

«Gaur [astelehena] momentuz ez dugu eskaririk jaso», zioen Martak, Alde Zaharreko zaintza sareko boluntarioak. GARAri adierazi zionez, egunak pasa ahala beharrizanak agerian geratuko dira eta orduan hasiko dira eskariak egiten.

Atzo lehen eguna zuten Euskal Herrian sortu diren hainbat zaintza sarek eta lehen egun hori antolaketarako erabili zuten: kudeaketa, protokoloa, segurtasun irizpideak, eta abar. «Egun kaotikoa izaten ari da», adierazi zuen Maialen Saezek NAIZ Irratian. Gasteizko Batera zaintza sareko kide da eta azaldu zuen Arabako hiriburuan auzoka antolatzen ari direla. «Sustatu nahi dugun praktika da bizilagunek beraien atarietan kartelak jartzea», nabarmendu zuen.

Printzipioz erosketak egiteko zerbitzua jarriko dute martxan eta horretarako barne protokolo bat ere abiatu dute: «Ez dugu inor arriskuan jarri nahi». Egunak aurrera joan ahala bestelako behar batzuk erantzun beharrean izango direla kontziente da –umeen zaintza, kasu– eta horretarako ere zehaztu dituzte irizpideak: «Lau haur baino gutxiagoko multzoak, ezagunak izatea eta boluntario bakoitzak beti ume berdinak zaintzea».

Segurtasun neurri hauek hasieratik hartu dituzte edo saiatu dira errespetatzen, koronabirusaren hedapena moteltzea helburu. Hala, Mutrikun esaterako, sarea antolatzeko bilerara eragile sozial bakoitzetik gehienez ere bi ordezkari bertaratu ahal izan ziren. Hor ere boluntarioek ezagun edo bizilagunei laguntzarik behar ote duten galdetzeko eskaria luzatu dute; nolanahi ere, telefono zenbaki eta helbide elektroniko bat ere abian jarri dute zerbitzua eskaintzeko.

Boluntarioen erantzun ona

Zaila da artikulu bakar batean banan-banan aipatzea sortu diren hamaika zaintza sareak. Elkartasunez bete dira euskal herritarrak han eta hemen. Iruñeko Arrotxapea auzoan, esaterako, 80 bat gazte animatu dira auzotarrak laguntzera. «Antolakuntza eta elkartasuna gainjarri ditugu», azpimarratu zuen Ion Arrietak NAIZ Irratian.

Gasteiz Batera sarean ere espero baino boluntario gehiagok eman dute izena eta Donostiako Alde Zaharreko plataforman adin guztietako 40-45 lagun inguru batu dira. «Ikusten genuen zer zetorren eta auzoak bata bestearen sare izan behar duela pentsatzen dugunok batzen hasi ginen», gehitu zuen Martak.

Beraiek ere segurtasun neurriak «zorrotz» betetzen ari direla argitu zuen donostiarrak. «Boluntario izan nahi duten horiei galdeketa bat egiten zaie, sintomarik ez dutela ziurtatzeko», azaldu zuen. Esate baterako, Covid19-az kutsatu den inorekin harremana izan duten edo ez galde egiten zaie, edo ea sukarrik ba ote duten. Eskularru eta maskaren erabilera erabat bermatuta dagoela dio, baita segurtasuneko distantzia ere.

Eragile sozialen bitarteko elkarlanez sustatu dira sare hauek eta kasu batzuetan Udalaren babesa ere jaso dute, Mutriku,, Zumaia, edo Durango, kasu. Aritz Bravo Durangoko zinegotziak zehaztu zuen herri mugimenduko kideek jo zutela udaleko atea, ekimen honen berri emanaz. «Guk gorpuztu gabeko ideia geneukan eta beraiekin kontaktuan jartzean denok batu eta forma eman genion».