Maite BIDARTE
BERROGEIALDIRAKO PODCASTA

Noah Kliegerren historia zirraragarria

Historia gustuko baduzu, hau da zure podcasta. Boxeoa maite baduzu, hau da zure podcasta. Bikain eta mimoz egina dago “Boxcampf” izeneko podcast interesgarri hau. “Marca” egunkariak ekoitzita, Noah Kliegerren bizitza agertzen du 7-10 minutuko iraupena duten hamabi kapitulutan.

Estrasburgon sortu zen Noah Klieger, eta Auschwitzetik bizirik ateratzea lortu zuen. Gezurrari esker lortu zuen hori. Boxeatzen zekiela esan zion buruzagi nazi bati, nahiz eta sekula ez zen ring batera igo.

Halere, bitan pentsatu gabe, besoa altxatu zuen naziak boxeolaririk ba ote zegoen galdetu zuenean. Horrela lortu zuen Noah Kliegerrek kontzentrazio esparrutik bizirik ateratzea. Ukabilkadaka.

Jose Ignacio Perez kazetariak 2018ko urtarrilean Noah Klieger ezagutzeko aukera izan zuen. 91 urte zituen eta gurpil-aulkian agertu zitzaion Madrileko Intercontinental hotelean.

Ez da soilik ederra hamabi kapitulutan kontatzen den istorioa, baita kontatzeko era ere, mimoz editatuko piezak direlako hauek. Jose Ignacio Perez kazetaria eta Noah Klieger dira protagonista nagusiak. Lehendabizikoak Interncontinental hotelean egindako elkarrizketa hura gogoratzen du; bigarrenak, Auschwitzen gertatutakoa, eta badago ezinbestekoa den hirugarren ahots bat ere, narratzailearena. Honek bi lekukotasunen arteko zubi lanak maisuki egiten ditu.

Proiektu transmedia da “Boxcampf”, Perezek egindako elkarrizketa hartatik erreportaje zabal bat, bideo piezak eta hemen aipatu dugun podcasta sortu baitziren.