GARA
DONOSTIA

Etxeko eta zainketako emakume langileak babesteko plataforma

Astelehena, martxoak 30, Etxeko Emakume Langileen Nazioarteko Eguna da. Testuinguru horretan, Covid-19aren pandemiak eragindako zaintzen krisiari erreparatuta, Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeak eta Mundubat Fundazioak plataforma birtuala aurkeztu dute: Interdependientes.org. Etxeko langileek etxeko langileentzat egina, doako aholkularitza juridikoa eta lan eskubideei buruzko informazioa ematen du.

Sustatzaileek ohar batean adierazi dutenez, koronabirusak eragindako osasun krisiak agerian utzi du, berriz ere, etxeko eta zainketetako lanen sektorea alde batera uzten dela neurri sozial eta ekonomikoak hartzerakoan. Izan ere, ezer gutxi aipatu da egunotan zer nolako eragina duen pandemia honek langile horiengan: «Bidegabeko kaleratzeak, kalte-ordain urriak, langabeziarako eskubiderik eza…».

%30, laguntzetatik kanpora

Larrialdi egoera ezarri eta hamar egunera egin zen sektorearen lehen aipamena, «etxeko eta zainketetako emakume langileak babesten dituzten mugimendu eta taldeen etengabeko aldarrikapenen ondorioz», zehaztu dutenez. Orduan, Gobernu espainolak azaldu zuen krisi honengatik lanik gabe geratzen diren etxeko langileek dirulaguntza jasoko dutela, aldi baterako enplegu erregulazioa ezarri dieten langileen antzera. Horretarako, enplegatzaileek kaleratu edota lana eten dietela frogatu beharko dute. «Horrek esan nahi du sektorearen %30 neurri horretatik kanpo geratuko dela, administrazio egoera irregularrean dagoelako».

«Kide asko etorri dira jada guregana kaleratzeen inguruko aholkuak eskatzera», azaldu du Josefina Roco Sanfilippo Etxekotu Gabeko Emakume Langileak taldeko kide eta Mundubat-eko Genero eta Feminismoetako Departamentuko teknikariak. «Ez dute inolako babesik, ez dute langabeziarako eskubiderik, ez dute alokairuak ordaintzeko modurik… Askok ez dute inguru sozialik ere eta, beraz, inork ezin die lagundu». Horrek ekarri du plataformaren aurkezpena.

Pandemia hasi baino lehenagotik zegoen martxan, baina amaitzeko prozesua azkartu dute azken egunotan jasotako dei zaparrada dela-eta: «Webgunearekin krisi honen aurretik jada jasanezina zen egoerari erantzun kolektibo bat eman nahi diogu. Lehen zaurgarritasun eta bidegabekeria egoeran geunden, baina egoera honek are gehiago jarri ditu agerian sektorearen eskubide urraketak».