GARA
BILBO

Unicefek neurriak proposatu ditu adin txikikoak zaintzeko

Covid-19ari aurre egiteko ezartzen ari diren neurriek haur eta nerabeen eskubideak berma ditzaten, Unicefen Haurren Lagunen Hirien ekimenak orientabideak eta baliabideak eskaintzen dituen dokumentu bat helarazi die udalei.

Helburua da krisi honek haurren eskubideen arloan atzerapausorik ez eragitea. «Haur eta nerabeen eguneroko bizitza izugarri aldatzen ari da osasun larrialdi honetan eta epe ertain eta luzera egoera horrek haurren oraina eta etorkizuna kolokan jartzea saihestu behar dugu», azaldu du erakundeak.

Horretarako, haur eta nerabeak kontuan hartzen dituzten neurriak martxan jarri behar direla uste du, «bereziki kalteberatasun handiena dutenak babesteko». Zentzu horretan, udalak, «haurren ingurune hurbilena diren heinean, funtsezko eragiletzat» hartzen ditu. «Esperientzia eta erantzuteko gaitasun handia dute euren beharrak asetzeko eta eskubideak babesteko. Badute hainbat esparrutan lan egiteko aukera: babesa, oinarrizko zerbitzuetarako sarbidea, hezkuntza errefortzua, elikadura edo parte-hartzearen sustapena».

Hala, neurri sorta bat proposatu die Unicefek, zerrenda honetan laburbildu daitekeena: «Ume, nerabe eta helduei dauden baliabideen inguruko informazio zuzena ematea; haur eta nerabeentzako telefono linea zuzena ezartzea; laguntza psikosoziala ematea, telefonoz zein aurrez aurre, beharrezkoa denean; ziberjazarpenaren biktimak izan daitezkeen haurrak identifikatzeko, gurasoentzako eta zaintzaileentzako jarraibideak zabaltzea; genero indarkeriaren biktima diren haur eta nerabeei arreta ematea; eta haur eta nerabeen osasun mentala zaintzeko pautak ematea».

Pobreziari aurre egiteko, aldiz, «talde ahulenek jasotzen dituzten zerbitzu eta prestazio ekonomikoak ez direla geldiaraziko bermatzea» exijitzen du Unicefek; hala nola, «haur eta nerabeen elikadura osasungarria ziurtatzea; etxebizitza izateko eskubidea babestea; eta etxeetako energia eta ura ordaintzeko laguntzak ematea».

Beraien parte-hartzea

Prozesu honetan garrantzitsua iruditzen zaio Unicefi haur eta nerabeen parte-hartze aktiboa bultzatzea dauden partaidetza mekanismoak erabiliz; haurren eta nerabeen partaidetza aholkularitzak, esaterako.

Haur eta gazteen artean inkestak egitea ere aukera ona dela ikusten du gobernuz kanpoko erakunde honek, pandemia garaian dituzten behar eta lehentasunak ezagutzeko, talde kalteberak edo bazterketa arriskuan daudenak lehenetsiz.

Haurren garapena zaintzeko xede horretan, eskolei eta guraso zein zaintzaileei laguntzea proposatu du, haur eta nerabeek ikasten jarraitu ahal izan dezaten, eskolak itxi arren, familia ahulenei arreta berezia eskainiz.