02/06/2020

Bakardadeaz eta arrakala handituz izan dira kolpatuak zaurgarrienak
Ane URKIRI ANSOLA|DONOSTIA

AITORPENA


Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek eskatzen dute beharrezkoa dela erakunde publikoek bere espezifikotasuna aitortzea. Pandemiak osasun arretari eman dio lehentasuna, eta alderdi soziala itzalean geratu da. Kezkatuta daude horrek berdin jarraituko ote duen eta apustu zehatzik egongo al den alderdi sozialen inguruan.

Covid-19aren krisiak edonorentzat ekarri ditu ondorioak, gizarteko arlo anitzetan nabari dira zailtasunak. Gure errutinetan aldaketa ekarri du konfinamenduak, etxean geratu behar izan dugu, lan jarduera utzi edo irteerak eta beste pertsona batzuekiko kontaktuak mugatu. Testuinguru hori gizarte osorako komuna bada ere, larritu egiten da zaurgarritasun edo bazterkeria egoera handieneko pertsonengan izan ditzakeen eraginak aintzat hartzen baditugu.

Pertsona zaurgarrienak artatzeaz arduratzen den Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeak zer modutan kolpatu dituen aztertzeaz arduratu da arlo horretako EAEko Behatokia eta eragin horiek lau arlotan banatu dituzte (hartzaileak, jarduerak, boluntario eta ordainpekoak eta bitarteko ekonomikoak).

Hain zuzen ere, konfinamendutik eratorritako arazoak (arazo psikologikoak, orain sortutakoak edo larriagotutakoak, gatazkak, arreta gabezia, erreferenteak galtzea, eta abar), arraila digitalari lotutakoak (Interneterako konexiorik edo ordenagailurik ez izatea, tresna horien erabilera mugatua, desinformazioa, eskolako atzerapena, eta abar) eta baliabide ekonomikorik ez izatea dira erakunde gehienek hartzaileei dagokienez identifikatzen dituzten egoerak.

Baina ez dira gaur egun pertsona horiek aurre egin beharreko arazo bakarrak. Nahi gabeko bakardadea edo laguntza sarerik ez izatea, enplegu galera, osasuna kaltetzea edo txirotasuna handitzea dira, beste arazo batzuekin batera, erakundeen hartzaileak bizitzen ari diren testuinguru honen ezaugarriak.

Ikusezintasuna

Interesgarria suertatu da oso Hirugarren Sektore Sozialeko Behatokiak osatutako lana, hein handi batean, jada egoera txarrean zeudenen egoera ikusarazteko. Gainera, bertan egiten den gogoeta batean nabarmentzen da pertsona hauek jada ikusezinak direla pandemiarik gabeko errealitate batean eta koronabirusak are ikusezinago bihurtu dituela.

Alboko grafikoan irudikatu dezake irakurleak zenbaterainoko eragina eta zein arlotan izan duen konfinamenduak herritar zaurgarrienetan. Nabarmentzekoa da, epe laburrean erakundeen %38k espero dutela aldaketak izatea hartzaileen profiletan; hau da, pertsona zaurgarri gehiago egongo direlakoan dira.

Hainbat ezaugarri gehiago zehazten dira txostenean; erakundearen izaera, zaurgarrien profila… Adinekoak, haurrak eta nerabeak, desgaitasun fisikoa eta psikikoa duten pertsonak, migranteak, indarkeria jasaten duten emakumeak, buruko osasun arazoak dituzten pertsonak, txirotasun egoeran edo arriskuan daudenak, adikzio arazoak dituztenak, gaixotasun kroniko edo arraroak dituztenak eta askatasun gabeko pertsonak izan dira azterketaren lagina osatu dutenak.

Arrakalaren sortzaile

Erakundeen %64,1ek diote hartzaileek gaur egun baliabide ekonomikoen gabeziari aurre egin behar diotela (enplegu galera, lehendik ere prekaritate eta txirotasun egoeran zeuden eta egoera larriagotu zaien familiak, sendagaien ordainketari aurre egiteko arazoak, eta abar), eta datozen hilabeteetan hartzaileek egoera bera izango dutela uste dute beste hainbestek.

Nahi gabeko bakardadea edo laguntza sarerik ez izatea, konfinamendu egoerak larrituta, erakundeen %60,3k hauteman du hartzaileengan. Datozen hilabeteetara begira, erakundeen %34,2k uste dute nahi gabeko bakardade horri aurre egin beharko dietela hartzaileek.

Hiru erakundetik bik (%66,3) hauteman dute hartzaileek arraila digitalaren ondoriozko arazoak dituztela orain, ordenagailurik edo Interneterako konexiorik ez dutelako, edo alfabetatze digitalarekin lotutako gaitasunik ez dutelako. Arazo horiek desinformazioa, online komunikaziorako zailtasunak (bideodeiak, eta abar), online prestakuntzara sartzeko zailtasunak, eta abar dakartzate; hau da, arrakala gero eta handiagoa izango da edozein arlotan.

Indarkeria matxista

Indarkeria matxistari dagokionez, baliabideetara iritsi diren kasuen kopurua ez da handitu konfinamenduan; nolanahi ere, ñabardura bat egiten da –baita ondo egin ere–, kasu asko ez direla iristen salatzera eta konfinamenduak zailtasunak areagotu dituela. Horrek ez du esan nahi arazoa ez dela areagotu.

Erakundeetan kezka handiz hartu dute tratu txarren emailearekin batera etxean dauden emakumeen isolamendu soziala. Indarkeria egoera jasaten duten emakumeei zuzeneko arreta ematen dieten baliabideetan atzerakadak ari dira detektatzen emakumeekin egiten ari diren prozesuetako batzuetan.

Beste kasu batzuetan, baliabide batzuek adierazi dutenez, “normaltasunera” itzultzeak kasuak berriz agertzea ekar dezake, guztia hain kontrolatua dagoen une hauetan.

Migratzaileen egoerari erreparatuta, egungo testuinguruak ziurgabetasun eta informazio gabezia handia sortu du atzerritarren inguruko lege egoerei, baliabideei, laguntzei, eta abarri dagokienez.