I.B.
BILBO

Bost hildako eta hamabost kutsatu, nahiz eta egoerak hobera egin duen

Azken hamar egunetan lehen aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako oinarrizko birsorkuntza tasa (R0) 1-etik behera kokatu zen atzo, 0,96koa izan baitzen, eta hori albiste ona da, gaitzaren hedapenean geldialdia eman dela adierazten baitu. Gainera, atzo bederatzi positibo berri zenbatuta, azken bi asteetako intzidentzia metatua ia aurreko egunekoaren berdina izan zen –6,63 ehun mila biztanleko–, iragan astean eta aste honen hasieran etengabe hazten ibili ondoren. Datuok, dena den, bigarren mailan geratzen dira asteartean beste bost hildako izan zirela kontuan hartzen badugu.

Hildakoena izan zen, noski, Osakidetzak eta Osasunbideak emandako txostenetan jasotako albisterik txarrena. Aurreko egunean Euskal Herrian zendutakorik ez zen izan, baina atzo ezin izan zen datu on hori errepikatu. Edonola ere, oro har, ospitaletako egoerak hobera egin du, eta horren adibide da zaintza intentsiboetako unitateetan lau paziente gutxiago daudela, 18 totalean.

Beste kasu bat Basurtun

Ospitaletan izandako kasu berriak izan dira, hain zuzen, azken egunetan kezka handiena eragin dutenak, Basurtukoak eta Txagorritxukoak, batez ere. Alde horretatik, Lakuako Gobernuak emandako informazioaren arabera, asteartean kasu bat detektatu zen Bilboko ospitalean, eta dagoeneko 43 dira foku berri horretan bertan atzemandako kasuak. Hala ere, Osasun Sailak egoera «kontrolpean» dagoela esan du, eta 5.433 PCR proba egin direla nabarmendu du.

Basurtun ez bezala, Txagorritxun ez da positibo berririk izan azkeneko 24 orduetan, eta hamabost dira koronabirusaren agerraldi berri honetan kutsatu diren langile, paziente eta bisitariak. Gasteizko ospitalean 251 test egin dituzte azken egunetan.

Aurreko astean, gainera, bost kasu izan ziren Aita Menni ospitalean, baina horien berri eman zenetik ez da positibo gehiagorik ezagutarazi. Arrasateko zentro horretan kutsatutako bost langileak zaintzapean daude, eta berrogeialdia ezarri diete.

Orotara, atzoko txostenetan hamabost kasu berri jakinarazi zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta Bizkaia izan zen positibo gehien bildu zituen herrialdea, zazpi. Nafarroak bost kutsatu gehiago gehitu zituen, eta kasu bana izan ziren Araban eta Gipuzkoan. Herrialde horrek egun asko eman zituen kasu berririk pairatu gabe, baina azken astean joera positibo hori hautsi du, eta egunero ari da baten bat izaten, nahiz eta gutxi diren.