Testua: Joseba SALBADOR

Eskualdeko artistak arrastoa uzten ari dira Ondarroan

Ondarroako Udalak hainbat kultur ekitaldi antolatu ditu abuztu osorako, bi helburu nagusirekin: jaiak bertan behera geratu diren honetan herritarrei kultur eskaintza egitea eta, bestetik, pandemiak hain gogor jo duen kulturgintza arloari bultzada ematea.

Abuztuaren 30a bitartean antolatu diren ekimenak “Kultur Uheri” izeneko egitarauan elkartu dira, «uheri» edo «ubera» itsasontziek uretan uzten duten arrastoa delako, eta kulturak ere herritarrengan arrasto hori utz dezala nahi dutelako.

Ikuskizunak bariku, zapatu eta domeka guztietan izango dira herriko frontoian, adin guztientzako eta covid-19ak behartutako arau eta gomendio guztiak betez. Sarrerak Turismo Bulegoan eskuratu daitezke.

Arotza Aristondo Kultura zinegotziak jakinarazi duenez, «bariku eta zapatuetako ikuskizunak gazte eta helduei zuzenduta egongo dira, eta domeketakoak, umeei». Ikuskizunak, askotarikoak izateaz gain, balio zehatzak lantzeko tresna gisa ere ikusi dira (berdintasuna, euskara, aniztasuna, topiko sexistak haustea, estereotipoak), eta, horiez gain, umorearentzako tartea ere egongo da.

Eskualdeko sorkuntza

Kultur Uheri ekimenak Euskal Herri osotik etorritako kulturgileak batu nahi izan ditu, hango eta hemengo eskaintza plaza berean batuz eta euskal sortzaileen lanak ezagutaraziz.

Horrela, Euskal Herriko hainbat puntutatik etorritako artistak egongo badira ere, garrantzi berezia eman nahi izan diote herriko zein eskualdeko sorkuntzari, eta Lea-Artibai eta Mutrikuko kulturgintzaren ordezkaritza ederra batzea lortu dute: Biren (Ane eta Nora Agirre), Patxi Saiz, Herri eta Bixi, Iñaki Maruri, Garoa Arizmendi eta Iñigo Larrinaga, Dantzarte, Garazi Etxaburu, Nerea Ibarzabal…

Horrez gain, aurten ere ez dituzte gonbidatu gabe utzi nahi izan urtero jaietan Ondarroara hurbiltzen diren Mutrikuko Musika Banda eta Mutriku Soka-Tira Taldea herri kirol ikuskizunarekin.

Ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan,  10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Pertsona bakoitzak ikuskizun bakoitzerako lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Sarreren prezioak bi eurokoak izango dira; euro bat umeen ikuskizunetan. Frontoiko harmailen edukieraren %60 bete ahal izango da Kultur Uheri ekimenean, egun dauden osasun arau eta gomendioei jarraituz. Ikuskizunaren arabera, salgai egongo diren sarrera kopurua ere aldatu egingo da, aulki gehiago ipintzeko aukera egon daitekeelako zenbait ikuskizunetan: aulkirik ez dagoenean 300 sarrera egongo dira salgai eta aulkiak daudenean 340 sarrera; “Lur eta Amets” filmaren proiekzioak edukiko du sarrera kopururik handiena, 500.

EGITARAUA:

Abuztuak 14 Dantzarte + Lasala Konpainia. 19:30, pilotalekua.

Abuztuak 15 Mutrikuko Musika Banda. 19:30, pilotalekua.

Abuztuak 16 Panta Rhei, umeentzako antzerki ikuskizuna. 19:30, pilotalekua.

Abuztuak 21 Garoa taldea. 19:00, pilotalekua.

Abuztuak 22 Mutrikuko Herri Kirol Taldea. 19:00, pilotalekua.

Abuztuak 23 Umeentzako ikuskizuna: "Futbolariak eta printzesak". 19:00, pilotalek.

Abuztuak 28 Antzerkia: Nagore Leon eta Itziar Saenz de Ojer. 19:00, pilotalekua.

Abuztuak 29 Bertso saio musikatua: "Ez da kasualitatea". 19:00, piotalekua.

Abuztuak 30 Zine emanaldia umeentzat: "Lur eta amets". 21:30, pilotalekua.