Joseba SALBADOR
GOIZUETA
Entrevue
UNAI MIRANDA BERROETA
GOIZUETAKO ALKATEA

«Jende pilaketak saihesteko, jaien inguruko aipamen txikiena ere ez dugu egin nahi izan»

Goizuetako jaiak aski ezagunak dira Nafarroako eta Gipuzkoako gazteen artean. Aurten ez da jairik izango, eta aipamen txikiena ere ez dutela egin nahi izan nabarmendu du alkateak, Unai Mirandak, «jende pilaketak saihesteko». Udarako prestatuak zituzten ekitaldiak ere bertan behera utzi dituzte, Goizuetan izan den covid-19 kasu bakarra bere horretan gera dadin.

Herri batzuetan kultur ekitaldi zabala prestatu dute udarako, beste batzuetan, aldiz, ezer ez egitea erabaki dute. Zein da Goizuetan hartu duzuen erabakia?

Guk hasieran bai, antolatu genituen hainbat ekitaldi txiki, edukiera mugatuarekin eta baldintza guztiak betez, kulturaren sektoreari nolabaiteko laguntza emateko. Hala eta guztiz ere, hemen gauza bat dago: herri txiki batean antolatzen diren gauza guztiak herritarrei begira antolatzen dira, noski, baina kanpotik ere jendea etor daiteke. Horregatik, helburu nagusia jende pilaketak saihestea bada, ez du inongo zentzurik zerbait antolatzea eta, aldi berean, jendeari esatea ez etortzeko, edo batzuk bakarrik. Horregatik, eta Euskal Herrian egoera okerrera egiten ari dela ikusita, hemendik aurrera antolatuta zeuden ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki dugu.

Beraz, aurtengo udan Goizuetan ez da jairik izango.

Ez. Jai egunetarako bagenuen ekitaldi txiki bat prestatuta, baina hori ere ez dugu egingo. Jaien inguruan ez dugu aipamen txikienik ere egingo. Kontuan izan behar da gaur egun informazio asko dagoela toki guztietan, batzuetan kontrajarria ere bai, eta guk zentzu horretan mezu argi eta garbia zabaldu nahi diegu herritarrei, kontraesanik gabe.

Ze giro dago herrian? Jendeak ulertu du?

Guretzat, Udalarentzat eta Jai Batzordearentzat, oso erabaki gogorra izan da. Astelehenean bertan bideo bat zabaldu genuen esanez aurten ez dela jairik tokatzen, eta neroni ere negar malkoak ateratzen zaizkit. Pena ematen du, baina Goizuetako “fiestak” horiek dira, eta hori ezin bada egin, hobe deus ez antolatzea. Eta jendea nola dagoen? Ba gazteak izorratuta, normala den bezala, eta gazteak ez direnak ere bai, oso egun seinalatuak direlako.

Gainontzean, herriko dendariak eta ostalariak ondo ari dira lanean?

Bai. Eta hor egia da eskerrak eman behar dizkiegula, alarma egoeran hor egon direlako lehenbiziko egunetik, guri oinarrizko zerbitzua ematen. Argi ikusi da zein den herriko komertzioaren garrantzia, eta guk bertan erosten dugunean, komertzio horien bideragarritasuna laguntzen ari garela. Ostalaritza ere lanean ari da, terrazak handitzeko baimena eskatu zuten, eman zitzaien, eta alde horretatik nahiko ondo ari dira, betiere Nafarroako Gobernuak ezarritako ordutegien barruan.

Covid-19 kasu gutxi izan duzue herrian ezta?

Bakarra, orain dela ez asko gainera, baina kasu kontrolatua izan da, jada ongi dago, alta eman diote, eta zorionez ez da bestelako gorabeherarik izan. Goizuetan ez gara asko, baina hemen bizi garenak atera egiten gara herritik, eta horrek baditu bere arriskuak.

Jairik izango ez den arren, kanpoko jendea badabil herrian?

Bai, naturaz inguratuta gaude eta jendea horren bila etortzen da, lasaitasun bila. Orain aterpetxeak ere ateak zabaldu ditu, eta bertatik turismo lasaia bultzatzen ari dira. Jende asko etortzen da egun-pasa egitera, landetxeetara asteburua pasatzera, kanpinera, errekara... Normalean baino jende gehiago sumatzen da, baina jendea lasai dabil, pilaketa handirik gabe. Sortu zaigun arazo bakarra erreka bazterretan jendeak uzten duen zaborrarena da, eta hori nola konpondu aztertzen ari gara. Hurrengo urteetarako, bestalde, burdinolen ibilbideak prestatu nahi ditugu. Herrian ia 40 burdinola ditugu eta aztertzen ari gara ea baliabide turistiko bihurtu ditzakegun.