Maria del Rio
Zuzenbidean doktorea
JOPUNTUA

Mozalak estalitako lotsak

Abuztuko lasaitasunaz baliatuta, Espainiako errege emerituak ihes egin du, dirudienez, monarkiaren iraupena bermatzeko. Hori dela eta, monarkia bihurtu da hondartzetako mintzagai nagusietako bat: erregearen familiaren oporrak, emerituaren norakoa, horren maitaleak… Estatuburuaz gero eta askatasun handiagoz hitz egiten bada ere, ezin ahaztu egunotan oihartzun txikiagoa izan duen albistea. Pere Aragones, Teresa Rodriguez eta Ana Pontonen aurkako salaketak artxibatu dira. Espero zitekeen auziak ibilbide luzerik ez izatea. Halere, ez dira gutxi izan orain arte koroaren aurkako irainak oinarri izan dituzten prozesuak.

Egotzitako irain delitua Koroaren aurkako delituen barne dago, eta haren interpretazioa asko joan da aldatzen Giza Eskubideen Europako Auzitegiak emandako jurisprudentziaren ildotik. Horren adibidea da Espainia birritan kondenatzea; Enric Stern eta Jaume Roura, batetik, eta Arnaldo Otegi, bestetik. Argi dagoena da erregea ez dagoela edozein kritikaren aurrean babestua, ezta iraingarriak edo gustu txarrekoak izan daitezkeenen aurrean ere. Ez dago sobera gogoratzea adierazpen askatasuna funtsezko eskubidea dela, ezinbestekoa iritzi publiko askea eratzeko eta pluraltasuna sustatzeko. Askatasun horren zabaltasuna sistema demokratikoaren sendotasunaren adierazlea da, kritika eta disidentziarako aukerek sistemaren zilegitasun politikoa bermatzen dute. Pertsona publikoak eta politikoak aipatzen direnean, errege emeritua esaterako, adierazpen askatasunaren esparruak ez du ia mugarik eta kritika handiagoa jasan beharko dute.

Asko izan dira delitu horren aurka altxatu diren ahots kritikoak, bai arlo politikoan, baita doktrinalean ere. Aurten Espainiako Gobernuak Giza Eskubideen Kontseiluari adierazi dio Koroaren aurkako irainen delitua berrikusteko gomendioa onartzen duela. Zertan gauzatuko da? Adierazpen askatasunaren babesa maximizatzea demokraziaren heldutasunarekin dago lotuta eta, aldi berean, heldutasun hori lortzeko bidean dagoen sistemarentzat, gure kasua legez, ezinbesteko baldintza da.