Jon ORMAZABAL
Entrevue
IBAI ZABALA
BAIKOKO PILOTARIA

«Hau amai dadin nahi dugun lehenak gara, baina ez edozein modutan»

Pilotarien grebarekin, eliteko kirolarien lan baldintzen mitoa erori zaie askori. Berrizko atzelariak hilabete luze eta ezohiko hauetan bizi izandakoaren sentipenak elkarbanatu ditu GARArekin. Elkarrizketa osoa NAIZen dago eskuragarri.

Bigarren bileraren ostean enpresak ezkorragoa ematen du zuek baino. Nola dago kontua?

Gu enpresaren mugimendu edo erabakien zain gaude. Guk ere, hedabideetan entzun dugunagatik, ezkor amaitu zutela ulertzen dugu, jarrera zurrun bat izan genuela-eta. Guk ez dugu hori partekatzen. Batzarrean argi esan genien prest gaudela goiz, arratsalde eta gau batzartzeko, egunero bada ere. Nahi duguna ahalik eta arinen negoziatu, akordio batera heldu eta pilotan jokatzen hastea da.

Enpresaren bertsioa entzunda, kontu ekonomikoak dira mugarri. Baina beste gauza asko eskatzen zenituzten Tolosako agiri horretan…

Bai, eta argi dago dena ez dela dirua, asko hitz gin da %20 horren inguruan eta dena ez da hori. Guretzat oso garrantzitsuak diren lau kide kanpoan geratu dira, jarrerak eta gauzak egiteko moduak ere hor daude, lan hitzarmen minimo bat, gutxieneko soldatak... Babes gabe aurkitzen diren horiei babesa ematea eskatzen genuen. Kontu ekonomikoetatik harago doa auzia, barne araudiaren kontua ere badago... Horiek negoziatzeak enpresari ez dio inolako kostu ekonomikorik ekartzen.

Covid 19-a jartzen da sarri krisi honen abiapuntu bezala. Nik neuk sentsazioa dut arazoak dezente atzeragotik datozela...

Hori da, gertatu dena da gauza asko batera batu direla eta, nolabait, gaia lehertu egin dela. Pilotari askoren aldetik entrenamenduekin arazoak daude, hortik zehar ere bada egon den isun ekonomikoren bat edo beste… Pixka bat jarrera zurrun hori eta pilotariekin berba egin eta hitzartu barik jokatzeko jarrera hori hor dago, orain arte bizi izan ez dena. Gero pandemiarenak ez zuen lagundu horri irtenbide bat bilatzen eta pandemiak ekarri duena da enpresek gure egoera ekonomikoa edo dena delakoa gehiago estutzeko aukera bat ikusi dutela. Eta estutzen eta estutzen, eztanda egin du.

Eta eztanda horretan kontuan izan behar da lau ez berritze horiek pisu handia izan dutela. Azken batean gu kideak gara eta ni neu azken hilabete hauetatik gehien pozten nauena da bazela garaia pixka bat elkartasun bat ikusteko pilotarien artean, izan ere, beti zabaldu izan da mezu hori; hau banakako kirol bat dela. Eta bai, bada, baina enpresa batean kideak gara, langileak gara, eta, kideen artean injustiziak ematen direnean, guk ere badugu zer esan. Eta hori izan da, adibidez, hau eztandarazi duen faktorerik garrantzitsuenetako bat.

Greba egitea erabakitzeko, oso erreta izan behar zenuten...

Ez hori bakarrik, greba gure azken aukera izan da: enpresarekin hitz egin, negoziatzen saiatu eta dena ezezkoa izan da. Dena elkarrizketa ezaren bidetik doanean, ba, azkenean, zure azken heldulekura heltzen zara eta hori izan da guretzat grebarena. Eta momentuz, nik uste, egin ditugun mugimendu guztietatik emaitza gehien ematen ari dena da. Eta ikusiko dugu etorkizun hurbil batean zein norabide hartzen duen honek...

Greba eraginkorra izaten ari dela ulertu dizut, zertan?

Nabaritu dudana da, enpresaren aldetik, hasierako hitzik egin nahi ez horretatik hitz egitera pasa garela. Esaten dudana nahiko penagarria iruditzen zait, baina errealitatea horrelakoa izan da: hitz egitea pausu bat da eta lehen batzarretik bigarrenera pausu batzuk eman dira. Guretzat emandako pausuak ez dira nahikoak, baina pauso batzuk eman dira, nolabaiteko aurrerapausoak eman dira. Zergatik? Eztabaidatu beharko genuke ea arazo hau konpondu egin behar dela ikusten dutelako den edo epaitegiek aurreko astean eman zuten epai horren ondorioz etorri den zerbait den. Baina horretan gaude eta gu gara honekin bukatu eta pilotan jokatzen hasi nahi dugun lehenak. Baina honekin bukatzeko proposamenak egon behar dira mahaian, proposamen idatziak eta, beti esan dudana, finkoak, oinarri bat dutenak. Hortik aurrera, gure eskarietan, batzuetan pixkatxo bat atzera egin beharko dugu guk, beste batzuetan eurek... Gauzak, nik uste, horrela adosten dira.

Zuen taldeak oso baturik jarraitzen duela ematen du...

Mundu guztiak argi izan behar du: zerbait bagaude, batuta gaude. Gure artean gure eztabaidak ditugu, gure iritzi kontrajarriak; gure artean hainbat eta hainbat bozketa egin ditugu, auzi batzuk aho batez onartu ditugu eta egon da beste bozketaren bat zazpi zortziren aurka ebatzi dela, baina argi duguna da, guk gauzak demokratikoki erabakitzen ditugula eta erabaki hori izango dela ondoren taldeak emango duen iritzi publikoa edo pausua. Eta alor horretan, taldeko partaide bezala, taldekideak zoriontzeko moduan nagoela uste dut. Ikuspegi kolektibo hori errespetatu, aurrera eraman eta defendatzea garrantzitsua da, eta, pilota bezalako mundu indibidual eta indibidualista batean, are gehiago.

Egoera pertsonal oso desberdinak dituzue gainera.

Batzuek irabazteko asko eta besteek galtzeko bakarrik, baina, azken batean, nik uste hori dela elkartasuna. Bagaude pilotari batzuk eskatzen ari garen puntu horietan guztietan ez daukagula ezer irabazteko, baina, hala ere, gure interes pertsonalak ez ditugula sekula kolektiboaren aurretik jartzen, eta nik uste hori dela garrantzitsuena. Egoera desberdinak daude, gazteagoak, helduagoak... Bakoitzak bere egoera eta bere kontratua ditu eta nik uste dut horetan gure taldeak era eredugarrian jokatu duela; ez nuke izenik eman nahi, bakoitzak bere aletxoa jarri du. Niretzat behintzat pilotan daramatzadan urte hauetan guztietan betirako gogoratuko dudan zerbait da.

LABeko kidea zara eta, aldiz, ELAk daraman greba batean langileen ordezkari zabiltza…

Gure taldean denok gaude sindikatuta, baina ni naiz LABeko kide bakarra. Hala ere, nahiz eta auzia ELAk eraman eta nik lan horretan lagundu, hau sigletatik harago doan zerbait da. Denon intereserako zerbait da eta horren alde beti egingo dut lan, dauden siglak daudela.

Lehen unetik, galdetu didatenan, esan izan dut kontu honetan ez dudala ezer irabazteko, galtzeko baino. Azken finean, eskatzen ditugun baldintza guztiak nik baditudalako. Pertsonalki, gainera, badakit azken aste edo hilabeteetan aurpegia emateak eta horrek dakarren guztiak ziur aski faktura pasako didatela nire etorkizuneko kirol ibilbidean. Lehen laburra izatekoa bazen, orain, ziurrenik, are laburragoa izango da, baina ni horren jakitun izan naiz lehen unetik. Jakin badakigu halako mugimenduek ondorioak izaten dituztela, baina, nik uste, beterano lez eta aldagelan entzuten den ahots nahiko garrantzitsu lez, batez ere urte asko daramatzadalako, ni nintzela pausu hori eman behar zuenetako bat. Eta ondorioak ordaindu behar badira, prest nago ordaintzeko: elkartasuna eta duintasuna beste guztiaren gainetik daude.