Aiora Garcia
KOLABORAZIOA

Gure funtsezko balioa desagertu egin da

BBC berri kateak 2016. urtean artikulua idatzi zuen euskal hezkuntzaren inguruan. «Euskal Herria herrialde bezala kontuan hartuta, Danimarkak eta Austriak soilik izango lukete ikasle bakoitzeko gastu kopuru handiagoa Europan». «Lan egiteko adinean dauden biztanleen ia %48k titulazio maila dute, Finlandiako eta Norvegiako mailen antzekoa. Lizentziatuen ohiz kanpoko proportzio horretatik, ia erdiek zientzia, matematika edo ingeniaritza ikasi dute». «Ikerketa eta garapenean diharduen biztanleriaren ehunekoari dagokionez, Finlandiaren eta Danimarkaren maila berdinean dago». «Zentzu askotan, hezkuntza profila Eskandinaviakoaren parekoagoa sentitzen da Europako hegoaldekoa baino».

2020. urtea; lau urte geroago: 20-24 urteko gazteen langabezia tasa %40,8 da. Euskal langileen %10ek urtean 10.000 euro gordin baino gutxiago jasotzen zituzten 2018an, garai hartan legeak ezarritako gutxieneko soldata 735 euro izanik ere. Gaur egun, euskaldunen %15ek 700-1.050 euro artean jasotzen dituzte hilabeteko diru sarrera garbi gisa. Euskal Herria, Italiaren eta Frantziaren atzetik dago batez besteko errentetan eta Zipreren, Portugalen eta Greziaren gainetik.

Unibertsitateko kostua 850 eurotan hasten da unibertsitate publikoan eta, 4.400 euro izanik gutxieneko hori unibertsitate pribatuan, 15.000 eurora igo daiteke. Horrek esan nahi du unibertsitate titulu bat izatea 60.000 eurora arteko kostua izan daitekeela gaur egun.

Erraz aterako litzaizkidake malkoak euskal gazteriarengatik oraintxe bertan. Ni neu, Danimarkara etorri nitzen aukera berriak eta hobeak bilatzeko asmoz eta gutun hau idazteko motibazioa lagun batekin izandako elkarrizketa baten ondoren dator. Herrialdetik alde egiteko erabakia koldar batena zela esan zidan, egoera aldatzen saiatu bainezakeen Euskal Herrian. Baina galdera bat aireratu nahiko nuke... eta Euskal Herritik arrazoi beragatik alde egin zuten euskaldun guztien izenean hitz egin dezakedala uste dut. Erabaki hori koldarkeria edo norbere burua baloratzeko kontua litzateke?

Ziurtasun osoz esaten dut aldaketaren parte izatea gustatuko litzaidakeela, baina hori ez da posible norberekoikeria hain presente dagoen gizarte batean... Benetan uste dut duela urte batzuk euskaldunek zuten funtsezko balioa desagertu egin dela. Gure eskubideen alde borrokatzeagatik eta elkarren arten laguntzeagatik oso ezagunak ginen. Hala ere, gaur egun, belaunaldi gazteek «zer espero duzu?», «eskainitakoa isilik hartu», «garai hobeak etorriko dira» edota «lanean momentu gogorrak bizi izan dituen jendea nahi dugu» bezalako gauzak entzuten dituzte edo ditugu.

Sufrimendua ikaskuntzaren parte dela erakutsi digute eta etengabeko presioa dugu dena izan, eduki eta egiteko. Ikasketa maila ona behar duzu (biziki gomendatzen zaigu master bat ikastea), hizkuntza asko (gaztelania, euskara eta ingelesa oinarrizkotzat jotzen dira) eta gutxienez 2-5 urteko lan esperientzia. Hori dena lan merkatuan norbait bezala hartu ahal izateko.

Nola liteke horrelako zerbait izatea, ikasleok eta gure familiek aurrezki guztiak erabiltzen badituzte ikasketak 20-22 urterekin bukaturik izateko? Euskal gazteok garapenerako eta etorkizun on bat izateko aukerak poliki-poliki galtzen joan gara azken urte hauetan eta desmotibazioa eta tristura zabaldurik daude. Ikasketak bukatu eta bi urte igaro ondoren oraindik langabezian dauden lagunekin hitz egitea ohiko bihurtu da eta lan ingurunearekiko ondoeza erakustea oraindik gehiago.

Hau al da eraiki nahi dugun gizartea? Euskaldunak honegatik ezagunak izatea nahiko al genuke? Ez al dugu mantendu nahi hainbeste urtetan eraikitzea kosta zaigun ospe hori?