GARA
IRUÑEA

Gogor kritikatu dute Iruñeko haur eskolen hizkuntza eredua

Iruñeko Udal Gobernuak hiriko haur eskoletan ezarriko duen hizkuntza eredua atzo jakinarazi zen. «Ez du inondik inora Iruñeko egoera larria orekatzen», adierazi du Haur Eskolak Euskaraz plataformak ohar baten bidez.

Eskaintzak Iruñeko hamasei haur eskoletatik bakarrera mugatzen du euskarazko murgiltze eredua eta beste bitan euskara eta gaztelera uztartzen dituen eredu mistoa ezartzen du. Horietako batean, gainera, ingelesezko ekimenak ere txertatuz. «Beste behin ere, seme-alabak euskaraz hezi nahi dituzten familiei oztopoak jartzen dizkie Navarra Sumak, eta haien gertutasuneko eta oreka geografikoko aldarrikapenak ez ditu kontuan hartzen».

Azken hilabeteotan plataformak alderdi politiko eta agintariekin hainbat bilera egin ditu. «Gehienetan atera da Nafarroako Justizia Auzitegiaren epaiaren auzia. Irakurketa propioa egin eta azpimarratu digute bertan aipatzen diren eskoletan aldaketarik ezin dela egin». Aldiz, Printzearen Harresia haur eskola zentro horietako bat den arren, 2021-2022 ikasturtetik aurrera ingelesezko jarduerak dituen euskarazko lerro bat ezarriko dute. Navarra Suma eta PSN egin ditu plataformak egoeraren erantzule. «Ez dugu adar jotzerik onartuko», salatu dute.