IRUÑEA

Nafarroako Parlamentuak eta Foro Sozialak bizikidetzaren aldeko hautua berretsi dute

Nafarroako Parlamentuko presidenteak, Unai Hualdek, Fernando Armendarizek, Terexa Fagoagak eta Tasio Arrizabalagak osatutako Foro Sozial Iraunkorraren ordezkaritza hartu zuen atzo, Iruñeko Legebiltzarrean.

Foro Sozialeko ordezkariek Nafarroako bizikidetza demokratikoari buruzko azken jardunaldietako ondorioak helarazi zizkioten Hualderi. Jardunaldietako bat, indarkeria desberdinen biktimen arteko elkarrizketa gurutzatua, urriaren 8an egin zen, osoko bilkuren aretoan, gizarte zibiletik bizikidetzaren eraikuntzan ekarpenak egiten nola jarrai daitekeen hausnartu asmoz. Horren harira, Fernando Armendarizek «elkarbizitza demokratikoa indartuko duen erdiko errei bat eraikitzeko beharraren inguruan dagoen adostasuna» azpimarratu zuen. Armendarizen ustez, «biktima guztiak berdintasunez aitortzea, egungo espetxe politika desaktibatzea eta inolako aktore, kontakizun eta iritzirik alde batera utziko ez duen memoria kritiko eta inklusiboa eraikitzea» da erronka.

Unai Hualde Parlamentuko presidenteak, bere aldetik, Foro Sozialak «gizarte hobe bat eraikitzen laguntzeko gai hain sentikorren inguruan egindako lana» aitortu zuen. Ildo horretan, Hualdek «aurrera egiten jarraitzeko indarkeriaren biktimei hitza ematea funtsezkoa» dela nabarmendu zuen. Era berean, Nafarroako Legebiltzarraren «konpromisoa» berretsi zuen horrelako jardunaldi gehiago antolatzeko.