Iñigo Otxoa Fernandez
Aita eta euskaltzalea
KOLABORAZIOA

«D+» eredua = Etxean + hezkuntzan + aisian

D eredua, Nafarroako ikastetxeetan behintzat, bizikidetza faltsu eta tranpati baten izenean ereduak nahasten hasi direnetik eta ingelesari ordu gehiago eta lehenagotik (PAI) ematen diotenetik, «D-» eredua bilakatzen ari da. «D-» ereduarekin, hau da, murgiltzearen oztopatzearekin eta euskararen disoluzioarekin, D ereduarekin lortzen ziren helburuak ere ez lortzeko arriskua daukagu. Gogora dezagun, gaur-gaurkoz, gaztelera nagusi den herrietan behintzat, D ereduarekin euskara ulertu eta erabiltzeko gaitasun orokorra lortzeko zailtasunak handiak direla. Eta gogora ditzagun soziolinguistika datu orokorrak: ezagutza gora doa nabarmen eta erabilpena mantendu edo beherako joeran dabil. Iruñerriko kasuan, erabilpenera salto egiteko zailtasunak nabarmenak dira gero eta euskaldun gehiago gaudenean. Behar duguna, beraz, «D+» eredua da, galdera honetatik sortzen den eredua: zure haurrak euskaraz egitea nahi duzu edo nahikoa duzu ulermen gaitasunarekin?

Ez naiz ari eredu mistoen gainean kritiko agertzen naizenean, hainbat tokitan lortu den D ereduaren ezarpenaren ondorioz ezarriko den ereduen bizikidetzaz (Allo, Castejon, Mendigorria berriki...). Nafarroako erdiguneko betaurrekoetatik begiratuta, euskararik ez zegoen tokian euskarazko adar baten lorpena onartu eta txalotu beharreko aurrerapausoa da. Euskaraz funtzionatzen zuen ikastetxe bat eredu misto batera pasatzea, ordea, atzerapena da, are gehiago euskara hutsez funtzionatzeko ikastetxeak edukitzeko biztanleria nahikoa duten udalerrietan, Iruñeko haur eskoletan bezala.

Zer da orduan «D+» eredua? Hezkuntzak eskaintzen duen D ereduari guraso, langile eta eragile euskaltzaleon kontzientzia euskaldunari esker sortutako gehigarria, eredu estraofizial berri bat izateraino ailegatzen dena. «D+» ereduak, gehiegi sakondu gabe esanda, euskararen transmisiorako, hezkuntza arautuko D eredua hobetu eta hezkuntzatik harago dauden transmisio multzo batzuetan eragiten du: etxeko giroa eta aisia.

Etxeko giroan eragiteko, eskolak, guraso elkarteek eta tokiko eragile euskaltzaleek haurrentzako materialak, jolasak, ipuinak, telebista edo Internet saioak... proposatuko dituzte.

Hezkuntza arautuan, euskararen erabilpena helburu duen euskara plan bat du. Horretarako, hezkuntzako langileek euskaraz eta euskaratik lan egiteaz gain, gurasoekin dituzten bileretan, gurasoekin batera, haurraren euskara plana egokitu egiten dute, eboluzioa aztertuz eta beharrezko baliabideak eskainiz. Euskara etxetik dakarten umeak indartuko ditu euskarari eutsi diezaioten. Eta etxean euskararik ez duten umeak lagunduko ditu.

Aisiak berebiziko garrantzia hartuko du. Haurrentzako euskarazko eskaintza oparoa eta anitza izan behar da. Euskara eskolatik harago identifikatzeak izugarrizko garrantzia dauka. Euskara eskolaz kanpoko jardueretara, kultur agendara, opor garaietara, komertziora, kirolera... heltzea.

Kike Amonarrizek bere liburuan erakutsi digun «bidegurutzean» gaude uneotan. Eta gure gaurko kudeatzaileek, «euskaltzale» batzuen laguntzaz, Irlandako gaelikoaren bidea erakusten digute: ezagutza zabaldu arren ez duena normalizaziorik; folklorean geldituko dena; itzaliz doana arnasarik gabe geratu arte. Guk, Iruñerrian, badugu gure bidegurutze propioa ere, erabilpenera salto egitearena edo euskara erabiltzeko oinarri minimoak ere ez lortzearena. Begiak irekiz gero, badira baikor egoteko arrazoiak. Euskara etxean duten gero eta ume gehiago daude, badira kultur, merkataritza, aisialdi eta lagunarteko zirkuituak...

Arazoaz jabetu, ahaldundu, kontzientzia euskalduna bereganatu eta ekintzarako beharrezko indarra lortzea da gakoa. «D-» edo «D+», nik nahiago positibo.