Surflari ernegatua

Haitzen norabidea

Duela oso gutxi ohartu nintzen Lapurdiko kostaldean haitz lerroak edo brankak, zeharka ageri direla, hau da, hondartzari paralelo kokatuak. Itsasbeheran, lehorretik itsasora begiratuz gero, ingurunea garden ikustea eragozten dute, murru moduan agertzen baitira paisaiaren erdian.

Ordea, Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartzetan brankak lehorretik abiatu eta itsasoratu egiten dira, lerro zuzen anitzetan. Alegia, kostaldea eta itsasoa lotzen dituzten punta zorrotzeko korridore modukoak dira.

Beraz, haitz lerro berberak horma moduan ageri dira “Iparraldea” deitzen dugun euskal kostaldeko ekialdean, eta, aldiz, “Hegoaldea” deitzen dugun mendebaldeko hondartzetan brankak itsasora begira daude, kostaldearekin perpendikular.

Tira, ba bizi osoan zehar sudur aurrean izan ditudan arren, duela gutxi ohartu naiz batean zein bestean haitz lerro zuzenak gutxi gorabehera iparraldera begira daudela. Batean eta bestean aldatzen den gauza bakarra hondartzen edo kostaldearen orientazioa da. Beste modu batera esateko, eta ñabardurak ñabardura, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea iparraldera begira dago, eta, Lapurdiko kostaldeak, ostera, mendebaldera begiratzen du.

Sarri nahikoa izaten da ikuspegi aldaketa bat parean duguna ulertzeko. Uste dut galdera garrantzitsuen erantzunak begien parean ditugun garai historiko batean gaudela, baina badirudi ageriko errealitateak atzemateko gaitasuna galdu dugula. Zuhaitzei begira eroso gaude, mendia bere osotasunean ikusteak ardura eskatzen duelako, alegia, irudikari kolektibotik desagertzear den kontzeptu iraultzaile bat berreskuratzeko beharra azalera dezake: konpromisoa.