Maite UBIRIA
URRUÑA

Anzaren kasuan ardurak hartzea agindu diote Estatu frantsesari

ETAko militantea desagertu zela 15 urte igaro direnean, haren familiari oraindik ere egia zor zaiola gogoratu zuten Urruñan eginiko agerraldian. «Baten batek zerbait badaki, esan dezala», eskatu dute, auzia berrirekitzeko informazioa behar dutela gogoratzeaz batera.

Oroimen ekimena egin zuten, arratsaldean, Jon Anzaren gertukoek Urruñako hilerrian.
Oroimen ekimena egin zuten, arratsaldean, Jon Anzaren gertukoek Urruñako hilerrian. (Patxi BELTZAIZ)

Jon Anzaren desagerpenari buruz dauden galderak erantzuteko eta haren heriotzaren gainean ardurak hartzeko garaia dela adierazi zuten familiak eta lagunek Urruñan antolaturiko ekitaldian.

“Jon Anza gogoan” leloa zuen bere argazkia ezarri zuten Urruñako herriko etxearen aurrean, ikurrinaren ondoan. Bertan herriko auzapeza den Filipe Aramendik hitza hartu zuen, herrian bizi izan zen Anzaren familiak egia jakiteko eskubidea duela gogoratzeko.

«Bake prozesua ez da bururatua izanen desagertuen familiei argitasun guztiak eman arte», ohartarazi zuen. Justizia trantsizionala baliatzeko eskatu zuen, euskal auziak utzitako ondorio guztiak aintzat harturik, konponbide orokorra sustatzeko bidean.

Anza familiak egia bilatzeko eginiko bidea laburbildu zuen ondoren Maritxu Paulus Basurcok. Justizia frantsesak familiak zabaldu dituen ate guztiak bata bestearen atzean itxi dituela deitoratu zuen abokatuak. Zentzu horretan, Baionako fiskalak Anne Kayanakisek emandako hitza ez zuela bete salatu zuen, oro har, familiari zor zitzaion begirunea Justiziak agertu ez zuela deitoratuz.

Okzitaniako Tolosako Auzitegiak 2013an itxi zuen desagerpena argitzeko auzibidea, eta 2015ean Parisko Auzitegiak familiak aurkezturiko salaketa. Anzaren desagerpena argitzeko ikerketan akatsak izan zirela onartuta ere, «irregulartasun handiak» ez zirela izan iradoki zuen auzitegiak.

Auzibidea itxita bada ere, Paulus Basurcok dei zehatza egin zuen: «Baten batek zerbait badaki, esan dezala». Izan ere, informazio berriak eskuratzea litzateke auzia berpizteko bide eta aukera bakarra.

«Ez dugu zalantzarik, Estatu espainoleko eta frantseseko aparatuek erantzunak dituzte», aipatu zuten, bestalde, Anzaren gertukoek, desagerpena testuinguruan jarriz. Hala, 2009an, ezker abertzalea estrategia aldaketarako gogoeta batean murgildua zelarik, «Euskal Herrian ziklo berri baten irekiera oztopatzeko hautua egin zuten estatuek», esan zuten. Bere heriotza ez ikertzea «erabaki politikoa izan zela» salatu ondoren, egun Euskal Herrian bizi den egoera berriari erantzunez, adierazi zuten garaia dela «Estatu frantsesak ardurak har ditzan eta Jonekin gertatu zena argitzeko eta gatazka politikoan izan diren inplikazio guztiak aitortzeko». Arratsaldean, herriko hilerrian segida izan zuen oroimen ekitaldiak.