GARA
DONOSTIA

«Zaintzaren auzian diskurtsoa lapurtzen ari dira bi gobernuak»

Bizitzak Erdigunean plataformak, A30eko grebaren ostean, Hego Euskal Herriko bi gobernuei mahai interinstituzionalak osatzera dei egin zien. Erantzunik ez. Ekhiñe Petriati eta Alaitz Uriarte Mugimendu Feministako kideek diskurtso tranpatiak salatu dituzte.

Mugimendu Feministako kideak, Iruñean, 2023ko azaroaren 30eko protestetan.
Mugimendu Feministako kideak, Iruñean, 2023ko azaroaren 30eko protestetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

Azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorraren biharamunean bertan, Mugimendu Feministak eskakizun zehatza egin zien Hego Euskal Herriko bi gobernuei. Zaintza eskubide kolektiboa bermatze bidean, mahai interinstituzionala osatu eta eztabaidei bide emateko gonbita egin zien.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hauteskunde giroan gaudela eta zerbitzu publikoak eztabaidaren erdigunean direla, Bizitzak Erdigunera plataformako kideen iritzia jaso zuen atzo NAIZ Irratiak.

Ekhiñe Petriatik eta Alaitz Uriartek azaldu zuten bi gobernuek hainbat sailetara bideratu dituztela, berdintasun sailetara, besteak beste, baina haien politika pribatizatzaileetan aurrera egin dutela.

Petriatik eta Uriartek salatu zutenez, nahiz eta zaintzen auzia Mugimendu Feministak aurrera daraman prozesua izan, «kontu hau ez da bakarrik berdintasun sailena», politika publikoak eta gizarte zerbitzuak hartzen dituen arazo bat delako. «Mundu guztiak badu zeregina eta ardura gai honetan eta prozesu honetan», laburbildu zuten.

Lakuako nahiz Nafarroako Gobernuak auzia lantzeko egindako arduraren eskuordetze hori salatzeaz gain, beraien eskaerei «entzungor» egin dietela adierazi dute.

Mugimendu Feministak gai honetan duen diskurtsoa Lakuako eta Nafarroako gobernuak «lapurtzen» ari direla salatu dute.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari begira, Lakuak proposatutako Zaintza Ituna izan zuten hizpide, eta beraien aldarrikapenekin «talka» egiten duela esan zuten, bai eta bertan egiten diren proposamenak «hutsalak» direla ere, «gehienbat hauteskunde kanpainari begira» eginak direlako.

Zaintzen sektorearen pribatizazio politikak direla eta, arazoa «denboran iraunarazi besterik egiten ez duen itun bat dela uste dugu».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hur-hurreko hauteskundeek eragina badute ere, Nafarroako egoera ez da bestelakoa, Petriati eta Uriarteren ustez. Azaldu zute 2022an atera zutela Zainketen Ituna, baina horrek udal bakoitzaren eskuetan uzten du zein neurri hartu eta horiek sinatzeko aukera.

«Nahiz eta marko teoriko oso polita izan, errealitatea da sentsibilizaziora bideratzen dutela», adierazi zuten, eta, beraz, ez dutela neurri zehatzik hartzen. «Ia eginezina da», esan zuten.

«ARGI DAGO BATZUK ORAINDIK EZ DAUDELA PREST»

Mugimendu Feministaren aldarrikapenak kontuan hartzeko bidean oztopoak izan dituzten arren, alderdi batzuetan zaintzaren sektorearen arazoari irtenbidea bilatzeko intentzioa ikusi dute, «alderdi batzuetan» bederen. Beste batzuen kasuan, Petriati eta Uriarteren aburuz, «argi dago batzuk oraindik ez daudela prest».

«Eragileekin batu eta proposamenak errealitate bihurtu arte borrokan jarraituko dugu guk», adierazi zuten irmoki. Zentzu horretan, hurrengo urratsak maiatzean aurreikusita daukaten propaganda astearekin hasiko direla azaldu zuten, ondoren «beste ekintza batzuk» burutzeko.

Igandeko hauteskundeen osteko agertokiari begira, etorkizuneko EAEko lehendakariari mezua helarazi zioten: «Haiei dagokie krisialditik ateratzeko neurriak eta baliabideak zehaztea, eta espero dugu, gobernua eratzen denetik aurrera, zaintza lehentasunezko problematika izatea eta gure proposamenak kontuan hartzea».