Jon ORMAZABAL
PILOTA

Berriz ere lehiakorra izatera itzuli gabe agurtuko du Ezkurdiak Buruz Burukoa

Pilotakada ikusgarririk jo beharrik gabe eta partida erdia eskuina lokartuta zuela, Javi Zabalak nahikoa izan zuen partida serio bat jokatzea azken jardunaldira aukera guztien jabe iristeko. Fiinalerdietarako sailkatua dagoen Artolaren aurka ariko da.

Aurkariak gutxi estututa, defentsan gutxi aritu behar izan zuen Zabalak.
Aurkariak gutxi estututa, defentsan gutxi aritu behar izan zuen Zabalak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Matematikek agian gordeko diote aukera txikiren bat, baina, inoiz sartu bazen, lehiakorra izatera itzuli gabe irtengo da Joseba Ezkurdia aurtengo Buruz Burukotik, jokatutako bi partidetan aurkaria baino askoz gutxiago izanda. Artola gainetik pasatu zitzaion aurreko astean Eibarko Astelenan, eta atzo Iruñean Javi Zabalak nahikoa izan zuen gauzak txukun egitea -pilota eskuinez ezker paretan sartzean aritu zen hobekien- garaipena espero baino errazago eskuratu eta azken jardunaldira aukerekin heltzeko. Bi aste izango ditu errioxarrak dagoeneko sailkatua den Iñaki Artolaren aurkako partida prestatzeko. Ondo etorriko zaio denbora hori, partida erditik aurrera eskuina kili-kolo zuela aritu baitzen.

Nolanahi ere, bere garaipena ez zuen inongo momentutan arriskuan ikusi, Ezkurdiak ez zuelako batere behartu. Lehen tanto luze batean pilotak zabalera ihes egin zion, eta hortik aurrera burumakur aritu zen partida osoan. Lehen atsedenaldia 3-6koan eskatu zuten arbizuarrak eta atzo botilero izan zuen Peio Etxeberriak, eta ultzamarrak urratsa aurrera egin eta tantoa amaitzen saiatzeko esan zion behin eta berriz. Baina bada aspaldian sakandarrari hori egiten galarazten dion zerbait. 2022ko Lau eta Erdiko finala irabazi zuenetik burua altxa ezinik dabil Ezkurdia, tantoa amaitzeko izugarrizko zailtasunez. Atzokoa ez zen salbuespen bat izan.

AIREZ TANTORIK EZ

Sarritan aipatu dugu ezker gantxoa izaten dela arbizuarraren sasoiaren eta aldartearen termometrorik fidagarriena, eta atzo ere airez tantorik egin gabe amaitu zuen. Triste, jokoaren ekimena ezin harturik eta erabakigarritasunik gabe jardun zuen nafarra partida osoan. Zabalaren meriturik handiena, ziurrenik, aurkariaren ezinarekin ez kutsatzea eta berean serio jardutea izan zen.

Are gehiago, 6-16koan eskuineko eskuak lo hartu ziola kontuan izanda. Atzo apenas jo zuen zurrumurruak altxatzen dituen pilotakada ikusgarririk, baina premiarik ere ez zuen izan. Nahikoa izan zuen pilota luzatu eta ezinean aritu zen Ezkurdiaren hutsari itxarotearekin.

21-8 aurreratu ondoren, Ezkurdiak amaieran izan zuen erreakzio txiki bat, baina iazko Promozio mailako Larrazabalen aurkako mamuei agertzeko aukerarik eman gabe, Zabalak garaipen erosoa eskuratu zuen eta finalerdietako aukera ez du urrun.



Garaipen ederrarekin berragertu zen Xabi Barandika Gasteizen

Ia bederatzi hilabeteren ondoren, beldurrak kendu eta konfiantza hartzen hasten zen Barandikaren atzoko asmoa Gasteizen. Bada, partida ikusita, lesionatuta egon ez balitz bezala jokatu zuela esan genezake. Xabiren lesio luzeak zalantza eragiten zuen pronostikoetan, baina berehala aldendu zituen zalantzak bikote gernikarrak.

Barandikak itxura ederra eman zuen Olabe pilotalekuan. Konfiantzaz joan zen erremateen bila, beldurrik gabe abiatu zen lasterka txapa gainekoak altxatzera... Atzo behintzat, ez zitzaion ezberdintasunik igarri, lesio aurreko Barandikaren eta lesio ostekoaren artean.

Lekerikak berak ere partida oso ona jokatu zuen, bikain aritu ziren bi lagunak. Eta Laduche eta Zabala, aldiz, partidako momentu askotan galduta ibili ziren eta akatsak egin zituzten.

Azkenean bi setetan nagusitu ziren gernikarrak (15-10 eta 15-12), eta finalean Erkiaga-Del Rioren aurka jokatuko dute datorren ostiralean, arratsaldeko 19.00etan hasiko den jaialdian. Final ikusgarri eta parekatua espero da Olaben.GARA